Usurbilgo jaietako txosna batzordearen lehen bilera 22:30etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2018ko ots. 16a, 13:24

Jai Batzordea, ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko diren Usurbilgo jaiak antolatzen hasia da. Bilgune horretan parte hartzen dute herri eragile desberdinek, tartean lehen bilera irekia deitu duen Txosna Batzordeak. Honako ohar hau helarazi dute NOAUA!ra, gaur (otsailak 16) deitu duten bilkurara gonbidatuz: "Adi gazte! Denbora aurrera doa... eta ohartzerako herriko jaiak gerturatzen ari zaizkigu. Aurtengoan ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko dira eta dagoeneko prestaketa lanekin hasi da Jai Batzordea. Gazteok ere gure festak ilusioz eta indarrez ospatu nahi ditugu eta beraz, aurten ere Txosnaguneko egitarau propioa burutzea erabaki dugu. Jai hauek ere zureak egin nahi badituzu, gogo handiz hartuko zaitugu datorren ostiralean (otsailak 16) gaueko 22:30tan Sutegiko aretoan egingo dugun bilera irekian. Animatu, herriak eskertuko dizu, zuk eskertuko duzu! Jaiak herritik eta herriarentzat! Gora jai herrikoi, parekide eta euskaldunak!". 

Jai Batzordea martxan

Bost jai egun aurtengoan; ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko dira Usurbilgo jaiak. Hala erabaki zuen otsailaren 6an Jai Batzordeak Potxoenean egin zuen lehen bileran. Ekaineko azken ostegunean hasi eta uztaileko lehen astelehenean amaituko dira honenbestez festak; Santixabel Egunez.

25 bat lagun bildu zituen hitzorduan, iaz bezala hutsetik abiatu nahi izan zituzten antolaketa lanak. Udalak helarazitako ondoko irudietan ikus dezakezuenez, horma irudi horren baitan, jai egunak finkatzearekin batera, bilerara bertaraturikoek egun bakoitzean zer nolako ekitaldiak antolatuko lituzketen proposatzeko aukera izan zuten. Alegia, egun bakoitzean zer antolatu nahi luketen. Behin behinekoa da, begi bistan duzuen ondoko irudian egunez egun ageri den ekitaldien kokapena. Datozen hilabeteotan aldaketa bat baino gehiago egon daitezke. Guztiak hurrengo bileratan zehazten joango dira.

Herri lanketa

Martxoa amaitu aurretik, beste bi batzar deitzea aurreikusia du Jai Batzordeak. Momentuz, hurrengo hitzordua finkatu dute. Jai Batzordea, bigarrenez, otsailaren 26an arratsaldeko 18:00etan bilduko da Potxoenean. Ohi bezala, bertaratu nahi duen eragile eta norbanako ororentzat bilera irekia izango da. Ekintza berririk bada bertan aztertuko dute, eta jaietako aurrekontuen lanketari ekingo diote.

Jada egunez egun zer ekitaldi antolatu nahi diren kokatzen hasi ziren astearteko saioan. Hurrengo bileretan, ekitaldi bakoitzaren gastuaren zenbatekoa ere adieraziko da. Zer antolatu eta antolatu nahi den horrek zenbateko kostua duen agerian utzi nahi da modu horretan. Aurtengoan 70.000 euro bideratuko dira festetara. 

Antolatu nahi diren jai ereduaz ere hausnartuko dute hurrengo hilabeteotan. Ezagunak ditugun zehar lerroak kontuan hartuko dituen jaiak bultzatu nahi dira; alegia, jai parte hartzaile, inklusibo, parekide edota jasangarriak. Atzoko bilerak erakutsi bezala, iaz bezala, aurtengo jaiak ere hutsetik antolatu nahi dituzte, orri zuri batetik alegia. Komunitate ikuspegi batetik, Jai Batzordean bildutako eragile eta norbanakoen asmoei forma eman nahi zaie bilgune honetan. Herritik herriarentzat sortutako jaiak izatea sustatu nahi da. Gogoan izan, festen antolaketei lotutako guztiaren erabaki gunea da Jai Batzordea.