Usurbilgo mugarriak hizpide izango ditu, Esperientzia Eskolak astearte honetarako (otsailak 20) antolatu duen hitzaldian. Solasaldia arratsaldeko 16:00etan hasita Artzabalgo ekitaldi aretoan. Joseba Alvarez arituko da hizlari lanetan. Ekimen hauek Esperientzia Eskolan izena emanda daudenentzat izan ohi dira, baina saioak irekiak dira eta edonork har dezake parte, Matia Fundazioak Usurbilgo Udalarekin elkarlanean prestatu duten hitzorduan.
Eskola ireki eta parte hartzailea
Irailetik ekainera, astearte arratsaldero bildu ohi dira Esperientzia Eskolakoak, bi orduz Artzabalen. Lagun artean denetariko ikasgaiak jorratzen dituzte. “Gai-zerrenda oso zabala lantzen dute partaideek: arnasketak, osasun-zainketa, komunikazioa, informatika, musika, literatura eta abar luze bat. Hau guztia oso modu ireki eta parte-hartzailean burutzen da, eta partaideek ez dute inolaz ere aurretiazko esperientzia edo ezagutzarik izan beharrik”, nabarmentzen dute Esperientzia Eskolakoek. 50 urtetik gorako herritarrei zuzendua dago Esperientzia Eskola.