"Gure lurra" hizpide izango duen Gure Esku Dagoren asteazkeneko hitzaldia, Sutegitik zuzenean ikusteko aukera

Noaua Aldizkaria 2018ko ots. 20a, 06:21

"Zergatik erabaki?" aldarripean, Gure Esku Dagok asteotarako hiriburuetan antolatu duen hitzaldi zikloaren baitan hurrengo saioa, asteazken honetan (otsailak 21) izango da, 19:00etan Gasteizko Europa Jauregian. "Gure lurra" hizpide hartuta ariko dira solasean, Ana Gonzalez, Esti Besa, Iñaki Antiguedad eta Erika Martinez. Edurne Begiristain moderatuko du mahai-ingurua. Aurreko asteetan bezala, Arabako hiriburuko ekitaldia streaming bidez zuzenean ikusteko aukera eskainiko du Usurbilgo Gure Esku Dagok Sutegiko erakusketa aretoan.

Iruñeako hitzaldia, atzeratua

Otsailaren 14an Nafarroako hiriburuan egitekoa zuten herritartasunari buruzko hitzaldia bertan behera utzi zuten. Antolakuntzak atzeratu egin du hitzordua, data berririk ez du zehaztu momentuz. "Oraindik ez dakigu noiz burutuko den, baina jakinaren gainean izango zaituztegu!", ohartarazi du Usurbilgo Gure Esku Dago taldetik.

Erabakitzeko zergatien bilketa

Herritarron Ituna lantzeko abiapuntua izaten ari dira hiriburuetako solasaldi hauek. Erabakitzeko 2019 arrazoi bildu nahi dituzte aurten, herriz herri, eskualdez eskualde bideratu asmo duten lanketaren bidez. Prozesu horretatik sortuko da urte amaieran, Herritarron Ituna deiturikoa. Aipatu moduan, sektore eta eragileen erabakitze eskubidearen aldeko konpromisoez, erabakitzeko hamaika zergati bilduko dituen ituna. Atzoko Donostiako solasaldian ziotenez ordea, "aurrez herritarrok gure ekarpena egin nahi dugu, zergatik eta zertarako erabaki nahi dugun plazaratuz". Ekarpenak egiteko aukera izango da martxotik ekainera bitarte, herriz herri. "Zenbat eta ekarpen gehiago hobe, zenbat eta zehatzagoak hobeto", ohartarazi du Gure Esku Dagok.

Martxorako mintegiak iragarri dituzte herriz herri eta eskualdez eskualde. Erabakitzeko norbere arrazoiak plazaratzeko aukera izango da baita, sarean. Ekainaren 10erako iragarri duten giza-katea ere erabakitzeko zergatiak plazaratzeko baliatu nahi dute. Gogoan izan, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen ekimena Usurbildik ere igaroko da.

EGUTEGIA

-"Zergatik erabaki?" hitzaldi zikloa hiriburuetan urtarrilaren 31n, otsailaren 7an, 14an eta 21ean 19:00etan. Solasaldiok streaming bidez Sutegin ikusteko aukera.

-Ekainera bitarte: erabakitzeko arrazoiak bilduko dituen Herritarron Itunaren lanketa herriz herri eta eskualdez eskualde.

-Maiatza: Herritarron Itunerako arrazoi bilketa festa giroan plazaratzeko, Klik Eguna herrietan.

-Ekainak 10: Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza-katea. Usurbildik igaroko da. Erabakitzeko zergatiak plazaratzeko eguna.

-Urte amaierarako: Herritarron Ituna prest. Segidan, haren gizarteratzea.

USURBILDIK IGAROKO DEN GIZA-KATEA

Eguna: ekainak 10, igandea.

Aldarria: "Eman eskua etorkizunari".

Abiapuntua: Donostiako Kontxa.

Helmuga: Gasteiz.

Luzeera: 201,9 kilometro.

Oharra: Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza-katea Usurbildik igaroko da.

Informazio gehiago: gureeskudago.eus

Deitzailea: Gure Esku Dago.

Informazio gehiago:

gureeskudago.eus

Twitter: @GureEskuDago/@GureEskuDagoU

Facebook: Gureeskudago/ Gure Esku Dago Usurbil