Bidasoa Kirol Klubean lehiatzen zebilen eta gaur agerraldi bidez iragarri du, uztera doala. Denboraldi amaieran taldea eta eskubaloia utziko duela iragarri du Asier Zubiria Aierbe usurbildarrak. Erronka beteta doala adierazi du. "Eman beharrekoa eman dut. Asobalen, Europako txapelketetan, tituluren bat jokatzeko zortea izan dut. Asebetea nago. Mailaz igo ginenean jada betebeharrak bete nituen sentsazioa nuen eta azken bi urteak gozatzeko izan dira".
Usurbildarrak eskerrak eman nahi izan dizkie eskubaloiari lotutako kide guztiei, baita "lagunei, kuadrilari, bizi osoko lagunei, eskubaloiak eman dizkidan lagunei, ematen didaten guztiagatik, egin duten jarraipenagatik. Askok benetako lagunak izaten amaitu dute eta lagun horiek mantentzen jakitea espero dut". Etxekoentzat ere esker hitzak izan ditu. "Neure familia, neure arreba eta batez ere neure gurasoak izan dira lehen unetik istorio hau bizi izan dutenak. Gozatu dute baina baita asko sufritu ere. Eman didaten guztiagatik ezingo diet nahikoa eskertu".
Bidasoako atezainak egin duen iragarpenaren zergatia argitu nahi izan du, talde kide eta hedabideen aurrean. "Iazko martxoan klubarekin bilera bat izan nuen, ia urtero moduan, etorkizunaz hitz egiteko. Lehen aldiz erretiroa hartzeko aukera planteatu nuen. Dejamovic-en erretiroarekin eta Ledo, etxe hau ezagutzen ez duen atezain gaztearen fitxaketarekin, klubak beste urtebetez segitzea eskatu zidan. Ulergarria iruditu zitzaidan".
Hala segi du, denboraldi honetako lehen itzulia amaitu arte. "Erabakia hartu eta taldeari jakinarazteko unea zela sentitu nuen. Hala egin nuen gabonetan". Noiz eta nola iragarri aztertzekotan geratu zen taldearekin. "Asmoa aurrerago egitea zen, helburuak bete ostean, taldearen jardunean ez eragiteko. Urtarrilaren 30ean, ligari berriz ekiterakoan, klubak biltzeko deitu zidan. Rangel fitxatu zutela berri eman zidaten, denok ezagutzen dituzuen zirkunstantzietan. Ulertu eta onartu nuen, klubarentzat aukera bat da. Honek ordea hasierako planak aldarazten ditu pixka bat. Azkar erabaki behar zen zer eta nola iragarri".
Astearte honetan iragarri du erretiratuko dela. Ondo hausnartutako erabakia izan dela dio Asierrek, prozesu natural baten emaitza izan dela dio.
Irudia: CD Bidasoa.