Gernika ibilbidea 13an, 1. eskuina helbidedun udal jabetzako alokairuko etxebizitza zozketa bidez esleitzeko oinarriak argitaratu ditu Usurbilgo Udalak. Interesdunek martxoaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dituzte eskabideak, udal errejistroan. Bertan eskuratu ahalko dira "izen emateko eskabide-orriak eta hautatze-prozedura arautuko duten oinarriak".
Pisuak 80 metro karratu ditu, 3 logela. “Etxebizitza, beharrezko guztiaz hornitutako sukaldearekin emango zaio errentariari”, ohartarazi du Udalak. Deialdi honetan parte hartzeko ezin da etxebizitzarik izan eta Usurbilen erroldatua egon behar da. "Usurbilgo pertsona fisiko/naturalak edo, bi, hiru, lau edo pertsona gehiagoz osatutako bizikidetzako unitateak aurkeztu ahal izango dira, eta etxebizitza babestuetara aurkeztu ahal izateko ohiko baldintzak bete beharko dituzte: etxebizitza eza, gutxieneko eta gehienezko diru-sarrerak izatea, gehienezko ondare jakin bat ez izatea... Etxebizitza jabetzan duten herritarrek ere lehiaketan parte hartu ahal izango dute, baldin eta aurreikusitako premia egoeraren batean aurkitzen badira", berri eman du Usurbilgo Udalak.
Aipatu moduan, etxebizitza zozketa bidez esleituko da. Eskatzaileek zerrenda bakarra osatuko dute. Ugartondoko etxebizitzekin egin bezala, eskabideak aurkezteko epea itxi ostean, behin behineko onartu eta bazterturikoen zerrenda argitaratuko du Udalak. Gero 10 eguneko alegazioetarako epea irekiko dute. Segidan, behin betiko zerrenda argitaratuko du Udalak. “Zozketan, behin behingo esleipendun bat izendatu eta itxarote-zerrenda bat osatuko da”. Pisua esleitzen zaionari urtebeterako kontratua egingo zaio, urtero 5 urtera arte luzatu ahalko dena. Ordaindu beharreko errenta, bizikidetza-unitate errentariaren urteko diru-sarreren araberakoa izango da. Urtero berraztertuko da.
Informazio gehiago: