Oria ur-emari handiarekin dator gaur ere, baina uholde arriskua igaro da

Noaua Aldizkaria 2018ko ots. 21a, 08:27

Ur-emari handia darama gaur ere errioak, baina atzokoarekin alderatuta ez du antz handirik. Behera egin du Oriaren mailak, astelehen iluntzetik atzo egun osoz uholde arriskua izan ostean. Atertzera egingo du hurrengo orduotan. Euriteen ostean, hotza datorkigu orain. Abisu horia ezarriko dute ostegun gauerditik ostiral goizeko 10:00ak arte, tenperatura baxu eta izotzagatik:

EGUNOTARAKO IRAGARPENA

Otsailak 21, asteazkena

"Gaur atertu egingo du baina tenperatura jaitsiko da. Goiz partean, fronte baten eraginez prezipitazioak izango ditugu, baina arratsaldean, igaro ostean, atertzera egingo du eta ostarte batzuk ere zabalduko dira. Prezipitazio hondar batzuk soilik geratuko dira zenbait tokitan, mendi inguruetan gehienbat. Elur-kota jaisten joango da orduak igaro ahala eta arratsaldean 500-600 m inguruan geratuko da. Ziertzoak zakar joko du Ebro Ibarrean. Tenperaturak behera egin eta maximoak 5 eta 10 ºC artean geratuko dira. Egunaren amaieran izotza egingo du barnealdean eta eguneko minimoak neurtuko dira orduan".

Otsailak 22, osteguna

"Ostegunean tenperaturak beheranzko bideari jarraituko dio baina ia ez dugu prezipitaziorik espero. Ekialdean zerua nahiko garbi agertuko da, hodei gutxirekin, baina mendebaldean hodeiak ugariagoak izango dira. Baliteke, gainera, goizean prezipitazio txikia egitea noizbehinka mendebaldean, elur-maila 300-500 m artean egongo delarik. Ipar/ipar-ekialdeko haizea ibiliko da eta ziertzoa zakar Ebro Ibarrean. Izotza egingo du ia barnealde osoan, bereziki Araba eta Nafarroan. Tenperatura beste pixka bat jaitsiko da eta maximoak 10 ºC azpitik geratuko dira".

Otsailak 23, ostirala

"Ostiralean giroak egonkortzera egingo du. Ipar partean zerua tarteka hodeitsu ikusiko dugu, mendebaldean bereziki, barnealdean zerua garbiago egongo da. Ipar-ekialdeko haizeak joko du eta tenperatura maximoetan aldaketa handirik ez. Izotza ia denean egingo du, Gipuzkoa kostaldean ere egin lezake, eta Araba eta Nafarroako zenbait tokitan handia izango da".

Informazio eguneratua: euskalmet.eus

https://twitter.com/Euskalmet/status/966222268937527296