Greba feminista, Martxoaren 8ari lotutako deialdi nagusia

Noaua Aldizkaria 2018ko ots. 21a, 15:03

Emakumeen Egunari begira, hainbat ekimen deitu dira Usurbilen. Tartean, arrakasta handia izan ohi duen Artzabalgo bertso-afaria. Txartelak Artzabalen bertan dituzue salgai. Autodefentsa feminista ikastaroa ere antolatu da. Emakumezko ekintzaileekin solasaldia egingo dute Kabienen.

Planto egiteko deia

Aurtengoan halere, deialdi nagusia Martxoaren 8rako egina dago. Emakumeak planto egitera, 24 orduko greba egitera deitzen ditu Euskal Herriko Mugimendu Feministak, “indarkeria matxistari, esplotazioari eta diskriminazioari nahikoa dela esateko”. Mundu mailako greba eguna izango da. Euskal gehiengo sindikalak edota eragile politikoen artean, EHBilduk ere bat egin du greba egun honekin. 

Euskal Herriko Mugimendu Feministak bat egin du iaz munduko 70 herrialde baino gehiagotan Martxoaren 8an planto egiteko egin zuten deialdiarekin. Datorren Emakumeen Egunerako greba feminista iragarri dute. Aipatu moduan, emakumeak planto egitera deitzen dituzte nazioarte mailakoa izango den Martxoaren 8ko greba egunean. "Iaz, 70 herrialde baino gehiagotan, emakumeek* nazioarteko emakumeen* grebarako deialdia zabaldu zuten, emakumeen* kontra indarkeria eta desberdintasun molde ugari eragiten dituen munduaren aurrean. Aurtengo martxoaren 8an Euskal Herriko mugimendu feministak bat egin nahi du EMAKUMEOK* PLANTO aldarriarekin, menpean hartzen eta zapaltzen gaituen sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala salatzeko. Honako eguna bide luze baten abiapuntua izango da", iragarri dute.

Klaseak eten eta lan uztera deitzen dituzte emakumeak "eta 12:00etan eta 20:00etan gauzatuko diren mobilizazio nagusietan parte hartzera. Emakumeei* dei egingo diegu zaintzak eta ugalketa lanak ez egitera, eta, grebaren seinale gisa, besoko morea janztera, eta balkoi nahiz leihoetan amantalak eskegitzera. Era berean, ez kontsumitzeko deia ere egingo dugu: agindu kontsumisten kontra altxa gaitezen, bereziki enpresa eta merkataritza gune handiak saihestuz, azkeneko horiek baitira lan esplotazioaren eta baliabideen ustiaketa basatiaren ikur esanguratsuenetakoak".

Martxoaren 8ari begirako deialdi guztiak

Martxoak 4, igandea

10:30 29. Lilatoia Donostiako Bulebarretik. Izen ematea otsailaren 23ra arte kirolprobak.com atarian.

Informazio gehiago: lilaton.es

Antolatzailea: Atletico San Sebastian.

Martxoak 8, osteguna

Emakumeek planto egiteko eguna, greba egun feminista. Mobilizazioak 12:00etan eta 20:00etan herri eta hiriburuetan. Lan uzteak lantoki eta eskoletan.

Informazio gehiago:

Twitter: @m8EuskalHerria

Facebook: M8EuskalHerria

m8grebafeminista@gmail.com

grebafeminista.wordpress.com

Deitzailea: Euskal Herriko Mugimendu Feminista.

18:00 Emakume ekintzaileen solasaldia Kabienen. Sarrera librea.

Antolatzailea: Kabiene elkarlan gunea.

Martxoak 9, ostirala

21:00 Bertso-afaria Artzabalen. Parte hartuko duten bertsolariak: Amaia Agirre, Miren Artetxe eta Eli Pagola. Gai jartzailea: Ainhoa Agirreazaldegi.

Txartelak: aurrez salgai Artzabalen. Txartel kopurua, mugatua.

Antolatzaileak: Bota Punttuba bertso eskola, Matrakak Talde Feminista eta Usurbilgo Udala.

Martxoak 16-17, ostiraletik larunbatera

Autodefentsa feminista ikastaroa Oiardo Kiroldegian. Bideratzailea: Emagin Elkartea. Ordutegia:

-Martxoak 16 (ostirala), 16:00-20:00.

-Martxoak 17 (larunbata), 09:30-13:30.

Izen ematea (martxoaren 14a baino lehen): 

parekidetasuna@usurbil.eus

943 377 110

Antolatzailea: Usurbilgo Udala.