Pentsio duinen alde, gaur Donostian manifestatzera deitu du Gure Pakea elkarteak

Noaua Aldizkaria 2018ko ots. 22a, 06:19

Pentsiodunen elkarteek ostegunerako (otsailak 22) hiriburuetan deitu dituzten manifestazioekin bat egin du Usurbilgo Gure Pakea jubilatuen elkarteak. Herriko hainbat txokotan jarri dituzten karteletan, Donostian egingo den mobilizazioan parte hartzeko gonbita luzatzen dute. Biltzeko hitzordua ostegun goizeko 11:15etan finkatu dute, Donostiako Amara plaza hotelaren parean. Ordu laurden beranduago abiatzekoa da, hiriburuko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioa.

Euskal gehiengo sindikalak manifestazio hauetan parte hartzera deitu du baita, Espainiako Gobernuak iragarri moduan pentsioak %0,25ean eguneratzearen aurka protesta egitera, eta Europako Karta Sozialak zehaztu bezala, gutxienik 1.080 euroko pentsioak izateko eskatzera. Euskal Herrirako Babes eta Gizarte Segurantzako Sistema propioa ere galdegingo da. Hitz gutxitan, pentsio publiko duinak bermatzearen alde, eta oro har, jubilatuen eskubideen aldeko mobilizazioak izango dira honakoak. 

Usurbilgo jubilatuak pentsioen murrizketen aurka agertu izan dira lehendik ere. Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunaren harira, urriaren 2an udaletxe aurrean egin zuten agerraldian esaterako. "Kezkaz ikusten dugu, nola gure politikoek-guk uste ez genuen bezala-gure asmoak eta eskubideak ez dituztela zaintzen, ezta ere babesten, agian esan daiteke, gutaz ahaztu egin direla", zioten plazaratu zuten ondoko idatzian:

Pertsona Nagusien Egunaren Ospakizuneko AGIJUPENS edo GIJUPENSE (Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunen Elkartea)

GIJUPENSEko bazkideak gara eta guztira 37.000 bazkideek osatzen dugu, elkarte bezala gorantza goaz eta Elkarte bezala nortasun bizi eta eraginkor batekin lana egin nahi dugu gaurko gure gizartean eta era berean biziki estimatzen ditugun eskubideak gure bizitzako azken garaialdian gozatu nahi ditugu. 

Kezkaz ikusten dugu, nola gure politikoek-guk uste ez genuen bezala-gure asmoak eta eskubideak ez dituztela zaintzen, ezta ere babesten, agian esan daiteke, gutaz ahaztu egin direla eta horren froga bezala, begiratu:

1-Gure pentsioen erosahalmena gutxitu da eta gutxitzen doa, eta gaurko eta lehengo Gobernuek bultzatu dute %0,25eko urteko igoera lotsagarria, eta Kutxa bakarra ia hustuta dago.

2-Pentsio ahul eta txikien hartzaileak izanez, sarri askotan gure familietako egoera larrien babesle nagusiak gara, bai era zuzenean hala zehargabean.

3-Salatzen dugu nola gobernuak gure Gizarte-Segurantzako fondoak bere irabazietarako erabili dituela eta bere itzultze-bihurtzea azkar egin dezala eskatzen baitugu.

4-Gaurko alargunen pentsioen zuzengabekeri eza salatzen dugu, eta eskatzen dugu azkar batean %70era igotzea hainbat alditan agindu digutena.

5-Era berean, salatzen dugu IRTP delakoa, Norberaren Lanaren etekinari jarritako zerga, nolaz gure langile bizitzan Kotizazio Legearen babesean egindako mozkina eta murriztapena dela-eta, gaurko gure pentsioei ezin zaiela hori ezarri, lehen ordaindua baitugu, eta orain bir-ordaintzea ez baita zuzena, horregatik horren berehalako itzultzea eskatzen dugu eta zerga horren baliogabetzea.

6-Era berean, pertsona ahul eta menpekoekin solidarioak eta elkarkoiak izan behar dugu, laguntza gehiena behar dutenak baitira eta beharrezko laguntza soziala ez baitute Erakunde Publikoetatik, eta era berean, etxez-etxeko laguntzaren premia zabaldu behar baita.

7-Baita ere, Lehiatila Bakarra eskatzen dugu adinekoen beharrei erantzuteko, era erosoan eta eraginkorrean zerbitzua emateko, kontuan izanez "adintsuekiko begirunea", bai bere behar eta laguntzetan udal mailan, Foru Aldundiko departamentu arloan edo beste edozein erakunde ofizialetan.

Era berean, gure ongi-izateko gizarte honen sortzaile eta babesleak izan baitira adin-nagusiko pertsona hauek, eta beren nortasuna eta ekarpena ezin baititugu ahazturik izan. Hauek izan dira arrazoiak eta zergatiak AGIJUPENS elkarteari mugiarazi egin dizkiotenak gure Udaletxeetan biltzeko eta kontzentratzeko. Horregatik, urriaren 2an eta arratsaldeko 19:00etan Gipuzkoako udaletxe guztien aurrean elkartuko eta bertaratuko gara.

Nahiko genuke bai elkarte honetako bazkideak eta partaideak, eta baita jubilatu orokor guztiak parte hartzea. Elkarrekin eta elkarturik gehiago ahal dugu, gure ezinegona bai politikariei eta baita herri-agintariei hau guztia agertzeko.

2017ko urriaren 2a