Xake zaletuak ostiralero biltzen dira Oiardo Kiroldegian

Noaua Aldizkaria 2018ko ots. 22a, 08:20

Xake zaletuek egoitza propioa dute Oiardo Kiroldegian. Aurrerantzean, ostiral arratsaldero bilduko dira bertan, 18:00-20:00 artean. Xake zaleen bilgunea izan nahi du, zaletasunari bide eman eta noizbehinka txapelketaren bat antolatzeko tokia. Adin guztietako xake zaletuei Kiroldegira gerturatzeko gonbita luzatzen diete taldetik, NOAUA!ra helarazi duten idatzi honen bidez:

"Pasa den asteko ostiralean lehendabizikoz izan ginen polikiroldegiko eraikinean, xakean jolasten. 15 bat haur eta baita heldu batzuk ere bildu ginen bertan, eta xakean jolasten pasa genuen denbora, 18:00etatik 20:00ak arte. Astero bilduko gara bertan ordutegi horrekin, eta gunea, leku ireki bat da herritar ororentzat, haur zein heldu, eta usurbildar xake zaleon artean elkar ezagutzeko aukera paregabea dugu. Asmoa, tarteka txapelketa bat antolatzeaz gain, adin ezberdineko xakelarien artean jolasteko aukera egotea da.

Eskolan xakera jolasten diren haur dezente bertaratu ziren, baina deialdi berezi bat egin nahi diegu, herriko xakelari helduei, xakea adin guztietan praktika daitekeen kirola izanik, aprobetxatu behar baita. Beharbada entzungo zenuen, xakea garunarentzat bikaina dela (nahiz eta egia esan, hainbesterako ez den...), eta agian, pentsatu duzu ideia ona dela zure seme alabak xakean apuntatzea... Baina, zergatik ez zara animatzen zu zeu xake taldean parte hartzera?

Jakin badakigu badela profil hau zenbait herritarrengan hedatua, baita telefono bidez xakean egunero aritzen direnak. Ziurrenik, uste baino zaletasun handiagoa dago azaleratzeke... Ea gai garen udalak utzitako tokia ostiralero betetzeko, eta nork daki, agian denborarekin, xake talde bat izan dezake Usurbilek!

Gazteenak jada gogotsu dabiltza, eta horietako batek taldearentzat kamisetak egiteko ideia hartu, eta aurrera eramaten ari da. Zu ere animatzen parte izatera?"

Irudia: Xake taldea.