Hilabete luzez Usurbilgo Udalak eta herritarrek elkarlanean landu duten Usurbilgo espazio publikoaren berrantolaketaren eta mugikortasun plan berriaren emaitza liburuxka batean jaso da. Egunotan etxeetan banatu du Udalak eta ohartarazi dutenez, jendaurrean aurkeztuko dute otsailaren 28an 18:00etan Sutegin.
Etorkizunean, lanketa horri esker, 55 aktuazio bideratzea aurreikusten du Udalak. Finean, mugikortasun plan berriak espazio publikoaren eta ibilbideen beste antolaketa bat proposatzen du. “Liburuxka horretan herritarrek Kale Irekiak parte-hartze prozesuan lehentasunezkotzat jo dituztenetako batzuk baino ez dira azaltzen. Ekintza horiek ez dira denak batera egingo. Plangintza bat da, eta bidea zehazten dute”, diote Udaletik.
Prozesu honetan zehar 60 herritarrek eta 196 haurrek parte hartu dute, auzoka, kultur etxean nahiz ikastolan eginiko saioetan. Haiekin guztiekin, “Kale Irekiak” prozesuaren baitan egin diren saioetako ekarpenekin “Mugikortasun Plana osatu dute arkitekto eta teknikariek. Plan horren edukiak, laburbilduta, liburuxka batean jaso dira herritar guztiei, modu argian eta ulerterrazean, erakusteko asmoz”.
Aipatu moduan, liburuxka bat argitaratzeaz gain, herritarrek eta Udalak eginiko lanketaren emaitza jendaurrean aurkeztuko da otsailaren 28an egingo den ekitaldian. Egun berean, mugikortasun planeko edukiak ikusgai jarriko dituen erakusketa zabalduko dute Sutegin martxoaren 16ra arte. Gai honi buruzko informazio zabala aurki dezakezu Udalaren web orrialdean, usurbil.eus helbidean.
Aginaga
-Pilotaleku ingurua berritzea eta oinezkoentzat egokitzea.
-Origami proiektua: eliza eta eskolaren ingurua berritzea.
-Elutxeko babes ofizialeko etxebizitzetatik herriguneraino, oinezkoentzat bidea egitea.
-Kaxkoa inguratuko duen saihesbide berria egitea.
Txokoalde
-Txokoalde berritzeko proiektua idaztea.
-Txokoaldeko sarrera-irteera hobetzea.
Aginaga-Txokoalde
-Aginaga eta Txokoalde arteko erriberako bidea hobetzea.
N-634 eta Ugaldea
-N-634tik Ugaldea industriagunerako sarbide berria egitea.
-Troiako igarobidean, oinezkoentzat eta bizikletentzat pasabide segurua egitea.
Zubieta
-Aliriko zubian oinezkoen eta ibilgailuen joan-etorria semaforo bidez arautzea.
-Lanbide Eskolaren aurrealdeko bidegurutzearen antolamendua berritzea.
-Zubieta eta Santuenea arteko bidegorria egitea eta egungo errepidea egokitzea.
-Urbil-Txikierdi-Troia lotuko dituen bidegorria egitea.
Usurbil
-Estraperlo kaleko bizikleta erreiari jarraipena ematea eta ikastolarekin lotzea.
-Arrobitxuloko biribilgunea bizikleta eta oinezkoentzat egokitzea.
-Munalurra-Galtzaragaina: Oinezkoen pasabideak hobetzea.
-San Inazio: Alperroburu kalean, baterian, aparkaleku gehiago sortzea. San Inazio kaleko trafikoa antolatzea eta moteltzea.
-Udarregi Ikastola-Oiardo Kiroldegia: Gernika etorbidearen azken zatia norabide bakarrekoa egitea; Udarregiko zelaian, behin-behineko aparkaleku berdeak egitea. Kiroldegiaren aurreko parkean jolasguneak jartzea. Ikastolako bi eraikinen artean dagoen belazean oinezkoentzat bidea egitea. Ikastola aurrean espaloiak eta oinezkoen guneak handitzea. Trafikoa moteltzea. Hilerri zaharra parke publiko bihurtzea.
-San Inazio eta Kontseju Zarra ingurua: Kontseju Zarra kalea berrantolatzea.
-Txaramunto: Txaramuntoko bide ertzeko parkea moldatzea eta aparkalekuak berrantolatzea. Txaramunto eta Etxealdia lotzea, Saroe jauregiko lorategitik.
-Kaxkoa: Askatasuna plaza birmoldatzea, Kontzeju eta Zubiaurrenea kaleak oinezkoek eta trafikoak partekatzeko moduan egitea, Bordatxo ingurua berrantolatzea eta oinezkoei lehentasuna ematea, San Inazio kaleko oinezkoen ibilbideak handitzea eta hobetzea, udaletxe ingurua oinezkoentzat egitea: Kontzeju Zarra eta Irutasun kaleak, udaletxearekin lotu. Udaletxeko plaza egokitzea eta biziberritzea. Kale Nagusiaren zati bat oinezkoentzat egitea.
-Etxealdia-Bizkarre: jolasgunea lekuz aldatzea eta aparkaleku gehiago egitea, Kale nagusiko garapen berriari lotuta, aparkaleku publiko estaliak egitea.
-Eguzkitza: autobus geltoki berria egitea, Askatasuna plaza behealdean; Zubiaurrenea kalea berrantolatzea eta Askatasuna plazarekin lotzea; Zubiaurreneatik Artzabalerako lotura hobetzea; Bordaberri kalearen azken zatia handitzea eta aparkalekuz hornitzea.
-Artzabal ingurua-Puntapax: Olarriondo garatu bitartean, behin-behinean, aparkalekuak egitea; Puntapaxen bizikletentzat errei-babestua eta espaloia osatzea; Puntapax kalean oinezkoen ibilbideak lehenestea bidegurutzeetan.
-Errekatxiki, Kalezar eta Ugartondo: Puntapax eta Errekatxiki kaleen artean bidegurutzea egitea; Puntapaxen Kalezarrerako igoera oinezkoentzat eta bizikletentzat egokitzea; Errekatxikiko parketik Kalezarrerako eskailerak konpontzea; Errekatxikiko parkean jolasgune bat egitea.
-Santuenea: Santueneara arteko bidegorria egitea.
-Bizkarre-tren geltokia: Atallutik Santuenera bidegorria egitea; Etxealdiatik tren geltokira pasarela berria egitea, errepidearen eta trenbidearen gainetik.
-N-634 eta Ugaldea: Ugaldea eta Atallu industriaguneak lotzea, trenbide gainetik; Troiatik Kaxkoraino oinezkoentzat eta bizikletentzat ibilbide segurua egitea; Ostapeko herriko sarreran biribilgune bat egitea, sarrera-irteerak hobetzeko.
-Pikaolatik Haraneraino espaloia egitea.