Garraio zerbitzu publikoetako murrizketen aurkako herri martxa asteartean Donostian

Noaua Aldizkaria 2018ko ots. 22a, 15:53

Azken asteotan gaia apaldu dela dirudien arren, autobus zerbitzuetako gidariek eta erabiltzaile askok kezkaturik jarraitzen dute. Kexuak kexu, Gipuzkoako Foru Aldundiak murrizketekin aurrera jarraitu nahi duela uste dute. Eta horregatik, mobilizazio berriak iragarri dituzte. Otsailaren 27an, martxa bat egingo dute Donostian lan baldintza duin eta kalitatezko zerbitzu publikoen alde.

Datorren astearte goizeko 11:00etan abiatuko da martxa hiriburuko Trafiko Delegaritzatik (Ibaetako EHU-ko kanpusetik hurbil dagoen Julio Caro Baroja plazatik) eta Foru Aldundiaren egoitza nagusian (Gipuzkoa Plazan) amaituko da. Bukaeran, 7.000 sinadura erregistratuko dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza nagusian.

“Batzuei ahaztu egiten zaie zerbitzu publiko batez ari garela eta beraz, gizartearen interes orokorra interes ekonomikoaren gainetik kokatu behar dela”. NOAUA!ra igorri duen idatzian kezkatuta jarraitzen dute, autobus gidariak eta erabiltzaileak batzen dituen Murrizketarik Ez! Herri Plataformako kideek.

Erabiltzaileak, gidariak edota pentsiodunak dira plataforma honetako kideak. “Diputazioaren jarrera inposatzaile honen aurrean, murrizketen ondorioak jasango ditugunok asko dugu esateko”. Euren iritzia kontuan hartzea eskatzen dute. Foru Aldundia moral bikoitzarekin jokatzen ari dela diote plataformako kideek: “jarraitzen dute zerbitzu publikoa hobetzeaz hitz egiten, onura ekonomikoen izenean horrelako murrizketak planteatzen dituzten bitartean”.

Foru Aldundiko Mugikortasun Saileko murrizketak aplikatzen badira, gizarteko sektore ahulenak kaltetuko dituztela dio herri plataformak: “langabetuak, emakumeak, langileak, atzerritarrak eta ikasleak”.

Martxan parte hartzeko deia

Inposizioaren aurrean, “eskaera luzatu nahi diogu negoziazio mahai bat ireki dezan, erabaki publikoetan herritarron parte hartzea ezinbestekoa dela ulertzen baitugu”. Bien bitartean, mobilizazioekin jarraituko dute. Datorren astean, hilak 27, martxa bat iragarri dute. Amaieran, batutako 7.000 sinadurak erregistratuko dituzte Foru Aldundiaren egoitza nagusian. “Autobus erabiltzaileok eta langileok deialdi irekia egiten diegu herritarrei, otsailaren 27an Donostiako Julio Caro Baroja plazatik Gipuzkoa Plazaraino joango den martxan parte hartzera”.