Euskal presoen eta haien senideen eskubideen aldeko elkarretaratzea deitu du hilero moduan Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak, otsaileko azken ostiral honetarako, hilaren 23rako honenbestez, iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan. Gogoan izan, salbuespenezko neurrien eraginez, sorterritik 600 kilometrora segitzen dute preso Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga eta urtea betea berri duen Xua haurtxoak. Urtarrilaren 19an bete zuen urtebetetzea Valentziako Picassent espetxean.
"Xua Usurbildik 600 km-ra ez balego, gure artean izango zen"
Urbetetzeagatik zoriontzeko elkarretaratze berezi eta jendetsua egin zuten urtarrileko azken ostiralean. Elkartasun eta maitasun osoz zoriondu zuten usurbildarrek, gozogile sare solidarioen tarten kandelak itzaliz, "Zorionak zuri" abestuz eta bihotzez beteriko talde argazkian. "Ozen zorionduko dugu hemendik, gure berotasuna Picassenteko ziegara helarazteko", adierazi zuten Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik.
Gogoan izan zuten, salbuespen neurrien ondorioz sorterritik urrun dagoela Xua, gurasoak bezala. "Usurbildik 600 km-ra ez balego, gure artean izango zen, hemen, bere amona Mari Karmenekin. Tamalez ez da horrela", zioten.
Senide nagusien eta gaixorik daudenen errealitatea plazaratzera
Urteko hileroko lehen mobilizazioa, Sarek urtarrilaren 13an Bilbon deitu eta hamarnaka milaka herritar batu zituen mobilizazioaren ostean zetorren. Eta preso eta iheslarien eskubideen aldeko manifestazio honekin batera, Frantziako Gobernuak estatu horretan diren euskal presoak hurbiltzen hasiko zela zioen zurrumurrua zabaldutakoan. "Presoak gerturatzeko abian diren zurrumurru eta aurreikuspenen aurrean, ordea, zuhur mantentzen gara. Seguru dakigun gauza bakarra zera da, lanean jarraitu behar dugula salbuespenezko neurri krudelekin lehenbailehen bukatzeko", adierazi zuten frontoiko mobilizazioan.
Aipatu mobilizazioa gainera, Etxerat-ek kanpaina berria aurkeztu duen egun berean egokitu zen. Espetxe politikaren ondorioak ezagutzera emateko egitasmo orokorragoaren baitan, eta "Motxiladun umeen" errealitatea plazaratu ostean, aurrerantzean adin nagusikoen eta gaixorik dauden senideak eta dispertsioa ezagutarazteko lanketari ekingo diote. "Urrunketak pertsona ahulenengan duen eragina jakinaraztea dugu helburu eta datozen hilabeteetan euren errealitatea ezagutarazteko hainbat ekimen egingo ditugu", iragarri zuten.