Bakailao pintxo goxoak dastatzeko aukera, igandeko Tipi Tapan

Noaua Aldizkaria 2018ko ots. 23a, 08:31

Hurbilago Elkartearen eskutik, bazkalaurretik bapo jan eta edateko aukera izango da berriz hilero. Bueltan baitator, tarteka igande goiz eta eguerdietako poteo ordua alaitu izan duen Tipi Tapa ekimena. Hilabete dezentetako etenaldiaren ostean, bakailaoa osagai nagusia izango duten pintxo goxo askoak sukaldatuko dituzte Kaxko bueltako sei tabernek, igande honetan, otsailaren 25ean; Aitzaga, Artzabal, Bordatxo, Guria, Txiriboga eta Txirristra tabernek hain zuzen.

Ohi bezala, zizka mizka eta edaria 2 eurotan dastatu ahalko da. Ez ahaztu, Tipi Tapa txartela eskuratu eta pintxoak dastatzen joan ahala, taberna guztiotako zigiluak biltzeaz. Erronka betetzen baduzue, aipatu txartela egitasmo honetan parte hartzen duten edaritegietako ontzietako batean sartu eta pintxo festa amaitu arte itxaron. 150 euroko erosketa balea eta 20 euroko bi bale zozketatuko dituzte hilaren 25ean, Tipi Tapa bukaeran.

Hilero

Aurreko urteen antzera, aurrerantzean ere hilero ospatuko da pintxo festa, Tipi Tapa formatuan, eta tarteka, plazara ere irtengo dira tabernariak. Kale giroa suspertzeko azoka moduan antolatuko dute baita hitzordu hau, noizbehinka, iaz ezaguna egin zitzagun Bizi Kalea izeneko ekimenaren bidez. On egin!

Irudia: Hurbilago Elkartea.