Erraustegia geratzeagatik Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin epaituko dituzte apirilaren 12an

Noaua Aldizkaria 2018ko ots. 23a, 12:07

Izatez irailean abiatzekoa zen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari ohi Ainhoa Intxaurrandietaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatu ohi Iñaki Errazkinen aurkako epaiketa. Argiak ostiral honetan berri eman duenez ordea, epaiketa apirilaren 12ra aurreratu dute, hedabide berak zehazten duenez, "agerikoak ez diren motiboengatik". Madrilgo Kontu Auzitegiak epaituko ditu Intxaurrandieta eta Errazkin. Biei euren ondasun pertsonalekin 100 milioi eurora arteko dirutza ordaintzea eskatzen die.

Argiak aurreratu duenez, "apirilaren 12ko saioan, Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandietari galdeketa egingo diote eta Denis Itxaso eta Arcadio Benitez ariko dira kontrako lekuko gisa. Benitez Eibarko zinegotzia da (PSEkoa) eta Debabarrena Mankomunitateko lehendakaria".

Ondoko argazkiak irudikatzen duenagatik epaituko dituzte gipuzkoarron bi ordezkari ohiak. Hamarkada luzez milaka gipuzkoarren eskariari erantzunez, 2013ko azaroan, GHK-k, Foru Aldundiak eta enpresa eraikitzaileek Zubietako erraustegia geratzeko akordioa erdiesteagatik.

"Angula ustelak" elkartasun bira

Epaiketa honen testuinguruan "Angula ustelak" hitzaldi eta elkartasun bira antolatu du Gipuzkoa Zutik mugimenduak. Hitzaldi mordoa eskainiko dituzte datozen hilabeteotan herriz herri, Ainhoa Intxaurrandietak berak eta Igor Melchorrek ("Periodista canalla"). Tartean geldialditxoa egingo Usurbilen eta Zubietan. Usurbilen  martxoaren 7an izango da hitzaldia iluntzeko 19:00etan hasita, Sutegiko auditorioan. Zubietakoa hasiera batean ostegun honetarako iragarri bazen ere maiatzaren 17ra atzeratu dute.

"Kasu benetan larria da"

Urte luzez milaka gipuzkoarrek eskatutakoa betetzeagatik, erraustegia geratzeagatik epaitu nahi dituzte orain Errazkin eta Intxaurrandieta. Gipuzkoa Zutik mugimendutik gogorarazi dutenez, "guztiontzat ekonomikoki kaltegarria eta Donostialdeko milaka herritarren osasunarentzat arrisku garbia den erraustegia gelditzeagatik". Ondasun pertsonaletatik 100 milioi eurotik gora eskatzen zaizkie.

"Kasu benetan larria da, Euskal Herri osoan jendea ohartarazi nahi dugu jokoan dagoenaz", dio Gipuzkoa Zutik mugimenduak. Testuinguru honetan, "Angula ustelak, zer gertatzen da Euskal Erregimenari aurre egiten badiozu?" hitzaldi bira antolatu du Gipuzkoa Zutik mugimenduak hilabeotarako herriz herri. Hitzaldi bira horren baitan bi geldialdi egingo dituzte ingurotan:

-Otsailak 22, osteguna 19:00etan Zubietako Kaxkapen.

-Martxoak 7, asteazkena 19:00etan Usurbilgo Sutegiko auditorioan.

"Ustelkeriari lotutako hamaika gertakizun ezagutuko ditugu"

Solasaldiok helburu argia dute; "Herritarrak gertatzen ari denaren gainean informatzea da lehen helburua. Herriz herri gogoeta eta eztabaida egitea ere bai, erakunde publikoetan politika egiteko moduez, gaur egun bizi dugun egoeraz". Iragarri dutenez, erraustegiaren gertaera zehatzetan oinarrituta, "Euskal Erregimenak nola funtzionatzen duen" ikusteko aukera izango da.

"Ustelkeriari lotutako hamaika gertakizun ezagutuko ditugu: Lapurtutako ordenagailuaren eta suntsitutako dokumentazioaren kasuak, bankuekin eginiko tratu absurdua, enpresen txostenak idatzi zituzten funtzionarioen kasua, beharrezkoa ez den gastu publikoa justifikatzeko gaindimentsionatutako datuak... Diru publikoa betikoen esku pribatuetara pasatzeko mafiaren jokamoldea da. Erabat onartezina demokrazia batean", Gipuzkoa Zutik mugimendutik nabarmentzen dutenez.

"Gaur egun inoiz baino indartsuago eta gupidagabeago agintean dagoen Euskal Erregimenaren politika nolakoa den oso errepresentatiboa da Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinen kasua. Irailean epaituko dituzte Gipuzkoar guztiontzat ekonomikoki kaltegarria eta Donostialdeko milaka herritarren osasunarentzat arrisku garbia den erraustegia gelditzeagatik. Ondasun pertsonaletatik 100.000.000 (ehun milioi euro) eskatzen dizkiete. Erabat onartezina".

"Guk ere egingo genuke"

Egoera honen aurrean, hilabeteotarako iragarri duten bira, Intxaurrandietari eta Errazkini babesa adierazteko ere baliatu nahi dute, "herritarron osasunaren eta diru publikoaren defentsan hartu zutelako erraustegia gelditzeko erabakia. Ez gaituzue beldurtuko. Guk ere egingo genuke. Herritarron interesak defendatzen dituztenak horrela zigortzen saiatzea ez dugu onartzen". Epaiketarekin aurrera jarraitzen badute mobilizazioak deituko dituzte. "Gure ustez epaitu beharreko bakarrak, Euskal Erregimenaren ustelkeria eta mafia jokabidea dira. Eta iraileko epaiketarekin aurrera jarraitzen badute,  epaiketa hori herritarron interes orokorren aurka ari diren politikariak kalean epaitzeko baliatzeko asmo osoa daukagu.

Epaiketa, mugarri "oso arriskutsua"

Mugarritzat jotzen dute epaiketa hau, "eta Intxaurrandieta eta Errazkin zigortzen badituzte, mugarri oso arriskutsua jarriko dutela ulertzen dugu. Aurrerantzean edozein proiektu gelditzen saiatuko denak, aurrekari honen itzal izugarria izango du gainean".

Epaiketa honekin, Gipuzkoa Zutik mugimendutik diotenez bidaltzen ari diren mezua zera da, "ezin dela erregimenaren eredua zalantzan jarri. Beste eredu bat nahi duten herritarrek hauteskundeak irabaztea lortzen badute ere, eta milaka milioiko zorra dakarten proiektuak alferrikakoak direla frogatzen badute ere, negozio horiek ezin dira ukitu. Bestela zureak egin du".Bistan denez, "auzi honek Gipuzkoa eta hondakinen gaia gainditzen ditu erabat. Ulertzen dugu beste edozein lurraldetan, beste edozein proiektu estrategiko gelditu izan balitz, berdin-berdin egingo lukeela erregimenak: betikoei negozioa ukitu dietenak zigortzen saiatu, modu pertsonalean eraso eginda".