Azken hilabeteotan sindikatuek sarritan salatu dituzte Zubieta gainean eraikitzen ari diren langileen lan baldintzak. Otsailaren 16an LAB sindikatuak salaketa aurkeztu zuen Lan Ikuskaritzan, langileok pairatzen duten egoeragatik baita Anoetako futbol zelaiko langileen lan-baldintza kaxkarren aurka ere. "Joan den otsailaren 16an LAB sindikatuak errauskailu zein Anoetako obra lanetan aritzen den EPB azpikontrataren aurkako hainbat salaketa jarri zituen. LABek egiaztatu ahal izan duenez, azpikontrata honek eraikuntzako hitzarmenak baimentzen duena baino soldata baxuagoak eta lanaldi handiagoak ezartzen ditu", berri eman du ohar bidez.
Salaketa hauen kopia Donostiako Daleko allkate Eneko Goiari helarazio dio LAB-ek, "egoera honekin buka dezan". Praktika hau orokorra dela salatzen du sindikatuak. "Sektorean eraikuntzako enpresa handien aldetik azpikontrata hauetara jotzea lan kosteak merketzeko asmoz praktika orokorra da. Gogoratu nahi dugu bi obra hauek Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Aldundiak sustatutako obrak direla. Bi erakunde hauek oso prezio merkean lizitatzeaz gain, hitzarmenaren aplikazioa zailtzen duena, ez dute inongo neurririk ezartzen hitzarmena betetzen ari den ala ez egiaztatzeko".
Prekarietateak duen babes politikoaren salaketa
"Zubietako errauste plantako obran, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako obra, ez da Lan Prebentzioko Legea betetzen, ezta beste segurtasun arau eta lan osasunekoak ere. Berriro ere, interes politikoak eta ekonomikoak langileen segurtasun eta osasunaren gainetik jartzen ari dira, eta presak, lan baldintzak eta lan eskubide gabeziak, prekarietatea azken finean, salatzen ditugu", adierazi zuen sindikatuak, otsailaren 2an Donostian egin zuen agerraldian.
Gipuzkoako eraikuntza sektoreko hitzarmena ez dela betetzen salatu zuen LAB sindikatuak eta azken aldian hainbatetan aurkeztu ditu salaketak Lan Ikuskaritzan. Abenduaren 4an, "zehazki hitzarmenaren soldaten azpitik ordaintzen ari zirelako, eta lanaldiak hitzarmenekoak baino altuagoak zirelako". Abenduaren 20an, obrako garabiek (5 daude) legeak dioena ez dutelako betetzen. Eta urtarrilaren 11n, obrak berehala geratzea eskatzeko idatzia aurkeztu zuten Lan Ikuskaritzan, "berehalako arrisku larriagatik". LAB sindikatukoen esanetan, "urtarrilaren 10ean obrara egindako bisitan, garabiek bere horretan mantentzen zirela ikusteaz gain, anemometroek ez dutela funzionatzen ikusi genuen. Anemometroek haizearen indarra neurtzen dute, eta alarma bat pizten dute haize asko dagoenean eta, horren ondorioz, arriskua sortzen denean".
Azken idatzi honen aurrean, Lan Ikuskaritzak arrazoi eman dio LAB sindikatuari, "non esaten zaigun salatutako egoera benetakoa dela. Hala, enpresei arazo horiek konpontzeko agintzen die". Lan Ikuskaritzak LAB-ek esandakoa egiaztatu ahal izan zuen urtarrilaren 16an, Osalaneko teknikariarekin batera erraustegiko obretara eginiko bisitan. "Garabiak salatu moduan gune berean ari direla lanean eta langileentzako arrisku larria zegoela. Era berean, Lan Ikuskaritzak prebentzio planean jasota egon behar zela dio, eta babeserako eta koordinaziorako neurriak hartuta egon behar zutela. Era berean, anemometroak egiaztatzeko eta konpontzeko agintzen du".
"Instituzioek enpresa okerrenek bezala jokatzen dute"
Lan hauetako egoera prekarioa, LAB-en esanetan gertatzen da, "arauak hausten dituenarentzat ondoriorik ez dagoelako. Enpresak eta euren beste obra batzuen arduradun politikoak, instituzioek, inpunitatez jokatzen dute. Badakite jarduteko era honek ez duela inolako ondoriorik. Lan Ikuskaritzak gertatutakoaren larritasuna onartu arren, ez dute inolako isunik jarri ere egin. Eraikuntzako langile baten bizitzak lanean mugitu behar duen kargak baino gutxiago balio du. Instituzioek eredu izan behar dute eskubideak, lan baldintzak eta segurtasuna eta osasuna bermatzeko, baina errealitatean enpresa okerrenek bezala jokatzen dute, lan gehiago eskubide gutxiagorekin inposatuz. Interes ekonomikoa, segurtasuna eta osasunaren gainetik jartzen dute".
Erraustegiko lanetan gertatzen ari dena ez da kasu isolatu bat LAB-ekoen esanetan, "sistematikoki hori da eraikuntzako sektorearen eguneroko ogia. Prekarietatea ez da zoriz gertatzen, arazo politikoa da, eta salatu nahi ditugu bultzatu eta onartzen duten politikariak. LABek ez du onartzen eraikuntza “legerik gabeko sektorea” izatea. Esplotazioarekin amai dezakegu eraikuntzan. Borondate politikoa badago, lan baldintza duinak bermatu daitezke eraikuntzan, baina langileen eskubideak aurrezki ekonomikoaren gainetik jarri behar dira. LABek lan baldintza duinak berreskuratzeko borroka egingo du eraikuntzan".