Usurbilen jazo den eraso sexista salatzeko elkarretaratzea deitu du Usurbilgo Udalak, astelehen honetarako, otsailak 26, iluntzeko 19:30etan Mikel Laboa plazan. Herritarrei mobilizazio honetan parte hartzera deitzen zaie. Udalak erasotuari eta ingurukoei elkartasuna adieraztearekin batera, NOAUA!ra helarazi berri duen ohar bidez "ozen arbuiatzen ditu sexu indarkeriazko erasoak, baina hitzezko salaketatik harago, jarrera aktiboa eskatzen du gaitz sozial honi gogor erantzuteko. Ezin da beste aldera begiratu eta jarrera aktiboa behar da, besteak beste, emakumeok ahalduntzea eta gizonezkook gure maskulinitatea deseraikitzea".
Honatx azken eraso sexistaren harira Udalak kaleratu duen oharra bere osotasunean:
Eraso sexista salatzeko, elkarretaratzea deitzen du udalak astelehenerako
Berri lazgarri batek astindu du Usurbil. Atzo, berriz ere, gizon batek emakume bat erasotu zuen, oraingoan gure herrian. Atzo, berriz ere, gizon batek indarrez emakume bat azpiratu eta bere nahierara erabili nahi izan zuen. Neu naiz matxoa, zu nire menpekoa.
Usurbilgo Udalak sinatua du protokolo bat eraso sexisten aurrean aktibatua izateko. Atzoko gertakizunaren berri jakin orduko, protokoloa zorrotz aplikatu zen. Ertzaintza, Udaltzaingoa, Osasun saila eta udaleko gizarte-zerbitzuak modu koordinatuan aritu ziren, pertsona erasotua ahalik eta ondoen artatzeko, eta bere intimitatea eta borondatea hasiera-hasieratik errespetatzeko. Udalak babes osoa azaldu dio erasotuari hasiera-hasieratik.
Gaur, gertakizunak plaza hartu du, eta bai, plaza hartu behar du.
Ez gaude isilik egoteko. Eraso hauek ez dira ero batzuen beroaldia. Eraso hauek estrukturalak dira, gizarte-gaitza dira, eta duten dimentsioan erantzun behar zaie.
Herri-erantzuna eskatzen dute halakoek, erantzun koordinatua, orokorra eta irmoa. Usurbilgo Udalak ozen arbuiatzen ditu sexu indarkeriazko erasoak, baina hitzezko salaketatik harago, jarrera aktiboa eskatzen du gaitz sozial honi gogor erantzuteko. Ezin da beste aldera begiratu eta jarrera aktiboa behar da, besteak beste, emakumeok ahalduntzea eta gizonezkook gure maskulinitatea deseraikitzea.
Usurbilgo Udalak elkartasunik beroena adierazi nahi die erasotuari eta bere ingurukoei.
Aldi berean, dei egiten die herritar guztiei astelehenean, arratsaldeko 7:30ean, Mikel Laboa Plazan egingo den elkarretaratzean parte har dezaten.
Emakumeok libre eta beldurrik gabe bizi nahi dugulako, ezinbestekoa da egungo gizarte heteropatriarkala errotik aldatzea. Eraso sexistarik ez!