Milaka herritarrek ozen aldarrikatu dute larunbat arratsalde honetan Donostian, geratu beharra dagoela Zubietako erraustegia. Hondakinak errausterik ez dutela nahi, alternatibak nahi dituztela, haien etorkizuna hipotetatuko ez duten eta gipuzkoarron osasuna kaltetuko ez duten alternatibak. Mobilizazioko pankartak jaso bezala, birziklapena sustatzea ere eskatu dute noski.
Eragile ezberdinen agerraldia amaieran
Milaka gipuzkoar batu ditu Donostia erdigunea zeharkatu duen manifestazioak. Mobilizazio benetan jendetsua ikusi dugu. Bulebarra izan da horren erakusgarri. Gipuzkoa plazatik abiatu den manifestazioa hiriburuko udaletxe parera heldu denean, amaiera ez zegoen ikusterik ere; kontuan izan, Bulebarrak duen luzeera.
Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko edota Landaberri ikastolako irakasleen agerraldiarekin amaitu dute elkartasun izaera nabarmena izan duen mobilizazioak. Atzo jakin zenez, 2013ko azaroan erraustegia geratzeagatik apirilaren 12an epaituko dituzte Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin, 2011-15 legegintzaldiko Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatu izandakoa hurrenez hurren. "Zuekin gaude!" hitzokin eta bertaraturikoen txaloekin babesa adierazi diete biei.
Honatx manifestazio amaierako Errausketaren Aurkako Mugimenduaren agerraldia:
https://youtu.be/-nOxi7tj1jQ