Errausketaren Aurkako Mugimendua: "Ainhoa eta Iñaki, zuekin gaude!"

Noaua Aldizkaria 2018ko ots. 25a, 12:36

Bertaraturikoen txalo artean, babesa eta elkartasuna adierazi zitzaien atzoko manifestazio amaieran, Donostiako Bulebarretik, 2013ko azaroan erraustegia geratzeagatik epaituko dituzten garai hartako Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari Ainhoa Intxaurrandietari eta Foru Aldundiko diputatu Iñaki Errazkini. "Iñaki eta Ainhoa, zuekin gaude!", adierazi zieten.

Lotsagarritzat jo zuten epaiketa batera deituak daudela nabarmendu zuen Errausketaren Aurkako Mugimenduak, manifestazio amaierako ekitaldian. "Epaitzekotan epai ditzatela ustelak, lapurtzen dutenak eta gure erraustegian izugarrizko dirua xahutuko dutenak", adierazi zuten. 

Biztanle gehien dituzten udalerriei deialdia

Ekitaldi berean, Zubietako erraustegia berehala geratzea eskatu zuten, "merkeagoa, osasuntsuagoa eta ingurumenean eragin gutxiago duen alternatibarik badagoelako". %80ko birziklatze tasara heltzea posible dela gogorarazten dute. Gipuzkoako hainbat udalerrik, tartean, eremu honetan aitzindaria dugun Usurbilek egin bezala. Erronka hori beteta, 35 urtez ordaindu beharko genukeen erraustegia ez litzateke beharrezkoa, "beste irtenbide bat bilatzea posible izango genuke". 

Horretarako ordea, ezinbestekotzat jotzen dute biztanle gehien dituzten Gipuzkoako hiri eta herri gune handienak bide honetara batzea; Donostia, Eibar, Lasarte, Irun... %40-50 arteko birziklatze tasak dituzte egun. "Nahasitako zabor tona izugarria sortzen dute", zioten Errausketaren Aurkako Mugimendutik. Aldundiari eskatzen diote, jarri ditzala indar eta baliabideak "emaitza horiek lortzen eta ez alferrikako azpiegitura kutsakor eta garestia eraikitzen". Eta deialdia baita udalerriei. "Ondo egiten dutenak eredu dira eta nagikerian ezkutatzen direnei deiadarra egin nahi diegu". 

Erabakigarritzat jotzen dute albiste baten berri ere gogorarazi zuten. Europako Parlamentuak urtarrilaren 17an, erraustegiak diruz laguntzeari uztea erabaki zuen, "erraustegien finantzaketa iturri nagusia kolpatuz". 

ETB-ko eztabaidaren aldeko sinadura bilketa

Erraustegiari buruzko eztabaida teknikoa Euskal Telebistak ematea eskatzeko sinadura bilketak aurrera darrai. Dagoeneko 6.100 atxikimendu inguru bildu ditu, Ipar Haizea plataformak abiaturiko ekimenak. Sinatzeko change.org atarian sartu besterik ez duzue. "ETB gurea da! Denona da! Lagundu mezua zabaltzen eta sinadurak lortzen!", deitu zuten manifestazio amaieran, milaka lagun batu zituen mobilizazioko antolatzaileek.