"Errauskailuak osasunarentzat arriskutsuak dira". Medikuak 2004tik ari zaizkigu ohartarazten, "egia borobila delako". Hala zioen Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko (OEIT) kideetako batek, atzo Donostian izan zen manifestazio jendetsuren amaieran, Bulebarrean egindako ekitaldian. Erraustegiak toxikoak dira, denak, baita berriak ere, "hainbat osasun arazo sor ditzakete" zioen OEIT-k, Munduko Osasun Erakundeak 2016an argitaratutako txostenak dioena aipatuz.
"Agertu dira besteak beste, sortzetiko malformazioak, erditze goiztiarrak, abortoak, gaixotasun kardiobaskularrak, arnasbideetakoak eta hainbat minbizi", zehaztu zuen. Mundu mailan argitaratu diren adituen hainbat ikerlanek baieztapen bera berresten dute.
OEIT-k ondorioztatzen duenez beraz, "kontua ez da erraustegiak arriskutsuak diren edo ez, baizik eta zenbateko arriskua suposatzen duten herritar eta herriontzat". Ez baita kontrolatzen zer isurtzen duten. Zubietan eraikitzen ari diren moduko erraustegiek, "ehunka tona toxiko isurtzen dituzte urtero eta isuritako milaka toxikoen artean, kopuru mugatu bat besterik ez da kontrolatzen, gehienetan era negargarrian".
Osasuna lehenesteko deia
Jada urteak martxan daramatzan Bizkaiko Zabalgarbiko erraustegia jarri zuen OEIT-k adibide gisa. "Baieztatu da bertako landaretzan, artsenikoaren maila igo egin dela, erraustegia martxan jarri zenetik".
Testuinguru honetan, osasun eta ingurumen sailei formalki artseniko horren jatorria zehazteko beharra helarazi die OEIT-k, "erantzunaren esperoan gaude". Erraustegi hau zabaldu eta 10 urtera, kalteak agertzen hasten diren une horretan, ikerketa epidemiologiko bat egitekoak omen ziren. "2015ean behar zuen, baina nonbait ahaztu zaie", salatu zuen OEIT-k.
Gauzak horrela, herritarron osasuna lehenestea eskatzen diete arduradun politikoei. "Berriro eskatzen diegu politikariei beren lehentasunak berraztertzeko eta aurreneko lekuan hiritarren osasuna ezartzeko, irizpide politiko eta ekonomikoen gainetik. Osasuna baita hiritarroi gehien axola diguna", gogorarazten du OEIT-k.