Urteak daramatzate, ikastolatik 500 metrora eraiki nahi dieten erraustegiak hezitzaile eta haurrengan izan dezakeen eraginarekiko kezka plazaratu eta argibideak eskatzen. Lasarteko Landaberri Ikastolako irakasleei buruz ari gara. Atzoko Donostiako manifestazio amaieran hartu zuten hitza.
Dakizuenez, Hezkuntza Ordezkaritzari hainbat gutun helarazi dizkiete azken bi urteotan. Urte amaieran jaso zuten erantzuna; ikastetxe atarian erraustegiarekiko kezka adierazten zuten pankartak kentzeko agindua jaso zuen Landaberrik. Nobedaderik izan dute ordea, azken aldian. "Hiru gutun bidali dizkiegu eta hara, hirugarren honetan Gema Gonzalez de Txabarri hezkuntza lurralde ordezkariak erantzun digu. Ordezkaritza honetako ekimen eremuak gainditu egiten du. Zure erantzuna ez zaigu onargarria iruditzen", adierazi zuten atzo.
Galdera argia luzatu zioten Hezkuntza Ordezkariari. "Ez al zaizu iruditzen, hezkuntza buru zaren heinean, langileon eta ikasleon osasuna zaindu beharko zenukeela?". Pankartak kentzea agindu ordez, "ez al luke hobe guk adierazitako galderei erantzun bat ematea? ". Argi dute erantzuna Landaberri ikastolakoek. "Gure lan eremuan, gure eta gure haurren osasuna defendatzearen ardura zuei dagokizue ere".
"Eremu kutsatu batean dagoen ikastetxe bat onartu behar al dugu?"
Kilometro erdira eraiki nahi dieten erraustegiaz ohartarazten dute. "Nitrogeno oxidoak, karbono monoxidoak, metanoak, dioxinak arnastuko ditugu. Horrez gain, goi tentsioko lineak eraikiko dira gure ikastetxetik hurbil. Gure gainean gune elektromagnetikoak sortuz. Eremu kutsatu batean dagoen ikastetxe bat onartu behar al dugu?", galdetzen dute, kezka adieraziz noski.
Erraustegia ez dator bat inola ere, irakasten ari direnarekin. "Errauskailuaren defentsa guztiz kontrakoa da gu irakasten ari garenarekin", diote. Agenda 21 proiektua lantzen dabiltza, aurten hain justu, "hondakinen gaia lantzen ari gara, ohitura osasuntsuak eta sostengarritasuna hain zuzen ere. Era berean, zaborraren murrizketa eta berrerabilpena bultzatzen duten kultura irakasten saiatzen gara".