Ostiral goizean Usurbilen izandako azken eraso sexista salatzeko eguna astelehen hau. Elkarretaratzea deitu du Usurbilgo Udalak iluntzeko 19:30etan Mikel Laboa plazan. Herritarrei mobilizazio honetan parte hartzera deitzen zaie. Udalak erasotuari eta ingurukoei elkartasuna adieraztearekin batera, NOAUA!ra helarazi berri duen ohar bidez "ozen arbuiatzen ditu sexu indarkeriazko erasoak, baina hitzezko salaketatik harago, jarrera aktiboa eskatzen du gaitz sozial honi gogor erantzuteko. Ezin da beste aldera begiratu eta jarrera aktiboa behar da, besteak beste, emakumeok ahalduntzea eta gizonezkook gure maskulinitatea deseraikitzea".
Epailearen esku
Ertzaintzak 43 urteko gizonezko bat atxilotu zuen ostiral goizean Usurbilen, bikotekide ohiari sexu erasoa egitea egotzita. Erasoa banantze prozesu betean den bikotearen etxean jazo zen, ostiral goizeko 11:00ak aldera. Gizonezkoak emakumea immobilizatu eta erasotzen ahalegindu zen, Ertzaintzak berri eman duenez, baina, gertatutakoaren lekuko zuzena izan zen hirugarren pertsona batek geldiarazi zuen.
Hernaniko ertzain etxeko talde bat bertaratu eta gizonezkoa atxilotu zuten. Emakumea Donostia ospitalera eraman zuten, zauriak artatzera. Gizonezkoa epailearen esku utzi zuten larunbat goizean.