Ostiraleko eraso sexista salatzeko gaurko elkarretaratzearekin bat egin du Aldundiak

Noaua Aldizkaria 2018ko ots. 26a, 14:41

Usurbilgo Udalaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bat egin du, ostiralean Usurbilen izandako eraso sexista salatzeko, astelehen iluntze honetarako 19:30etan Mikel Laboa plazan deitu den elkarretaratzearekin. Iragarri dutenez, "han izango dira Aldundiaren ordezkari gisa Imanol Lasa foru bozeramailea eta Miren Elgarresta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasurenako Organoaren zuzendaria". Erasoa salatu eta gaitzespenik irmoena agertu nahi dute Aldundiak eta Udalak, adierazpen honen bidez. 

Adierazpen instituzionala

Usurbilen aurreko ostiralean gertatutako eraso sexistaren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Usurbilgo Udalak gertaera salatu eta horren aurkako gaitzespenik irmoena erakutsi nahi dute adierazpen honen bitartez eta, honekin batera, biktimari eta haren gertukoei elkartasuna adierazi. Hala, bi erakundeok haien esku jartzen dituzte dituzten informazio eta baliabideak, errekuperazio eta erreparazio bidean lagungarri izan daitezen.

Foru Aldundiak erasoarekin lotutako informazioa ziurtatu, kontrastatu eta osatu ostean, Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko protokolo instituzionala aktibatu du eta lanean jarri da erantzun publikorik egokiena eman ahal izateko batzorde politiko-teknikoa, helburu bikoitzarekin. Batetik, emakumeen giza eskubideen urraketa gehiagorik ez toleratzeko erakundeon jarrerarik irmoena erakusteko. Eta, bestetik, herritarrei kanal bateratu bat eskaini ahal izateko, erasoak jasaten dituzten emakumeen askatasunaren kontrako eta, ondorioz, emakume guztien eskubideen kontrako erasoen aurkako arbuioa adierazteko.

Helburu honekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Usurbilgo Udalak herritarrei deia egiten diete otsailaren 26an Usurbilgo Mikel Laboa plazan 19:30ean egingo den gaitzespen elkarretaratzean parte har dezaten, eta horrekin batera, #DENOKZU aldarrikapenarekin bat egin, indarkeria sexistaren biktima diren emakume guztiekin elkartasunean.