Inoiz ikusi gabeko jendetza ikusi zen bart Mikel Laboa plazan egin zuten elkarretaratze isilean. Isiltasunean ozenki agertu zen Usurbilgo herria, indarkeria sexistaren aurka. Belaunaldi guztietako herritarrak batu zituen hitzorduak. Ostiralean izandako eraso sexista salatu zuten guztiek, indarkeria sexistaren aurkako pankartaren bueltan. Eta modu honetan, babes osoa adierazi nahi izan zitzaion otsailaren 23an bikote ohiak erasotu zuen emakumeari. Ehunka herritarrekin batera, udal eta Foru Aldundiko ordezkariak batu zituen mobilizazioak. Segidan, amaieran Usurbilgo Udaleko parekidetasun alorreko zinegotzi Josune Estellak irakurrita plazaratu zuten adierazpena:
ADIERAZPENA: INDARKERIA SEXISTARIK EZ!
Berri lazgarri batek astindu du gure herria asteburu honetan: gizon batek bikotekide ohiari eraso egin dio eta bere nahierara erabili.
Usurbilgo Udalak badu indarkeria sexistetarako protokoloa, eta, erasoaren berri izan bezain pronto, protokoloa zorrotz aplikatu genuen, pertsona erasotua ahalik eta ondoen artatzeko, eta bere intimitatea eta borondatea hasiera-hasieratik errespetatuz. Udalak hasieratik azaldu dio emakumeari babes osoa , eta gaur ere, plaza publikoan, horixe bera azaldu nahi diogu: gure elkartasuna.
Nolanahi ere, babesa azaltzeaz gainera, erasoa ozen salatu nahi dugu plaza publikoan. Izan ere, argi dugu emakume bat erasotua, iraindua, jazarria den bakoitzean, jendartea bere osotasunean dela erasotua. Horregatik, erasorik ez, erantzunik gabe!
Eraso honek garbi erakusten du indarkeria eta eraso sexistak ez direla gertaera isolatu edo salbuespen gisa ulertu behar. Eraso hauek ez dira ero batzuen beroaldia. Emakumeon aurkako erasoak eta jazarpenak giza eskubideen urratze larriak dira, bai eta gizonen eta emakumeon arteko desberdintasun sozialen adierazpiderik bortitzena ere. Beraz, egiturazko arazo bat da, pertsonek beren generoaren arabera dituzten botere-egoerei zuzenki lotutakoa. Gizonezkoek gizartean eta imajinario kolektiboan duten posizio nagusiaren abusu bat da indarkeria, eta, neurri horretan, emakumezkoon diskriminazioa iraunarazteko adierazpen eta tresna ere bada aldi berean.
Eta arazoa estrukturala den neurrian, erroei, sustraei, heldu behar zaie, ezinbestean. Derrigorrean behar eta martxan jarri behar dira politika feminista transbertsalak. Premiazkoa da, halaber, indarkeria matxistaren kontrako lege integrala.
Gure ustez, indarkeriaren prebentzioan egin behar da bereziki ahalegina, eta neska-mutilak, emakumeak eta gizonak, askatasunean eta berdintasunean heziko dituen hezkuntza sustatu behar da.
Baina, aldi berean, ezinbestekoa da emakumeen boteretzea eta herritarren arteko babes-sareak sustatzeko neurriak martxan jartzea, emakumeak biktima gisa tratatu ordez soilik. Zentzu horretan, autodefentsa feministan sakontzen jarraituko dugu udaletik. Izan ere, argi dugu emakumeok geure ekintzen eta gorputzen jabe izan behar dugula eta indarkeria egoerei aurre egin eta egoera horiek ondo kudeatzen jakin behar dugula. Dena den, emakumeen eta herritarren arteko babes-sareak sortzea ere garrantzitsua da, bakardade sentsazioari eta babesgabetasun egoerei aurre egiteko.
Guztion ardura da, beraz, eraso bakar bat gehiago izan ez dadin jarrera aktiboa izatea.
Guztion ardura da berriz halakorik gerta ez dadin prebentzioa lantzea, eta jarrera aktiboak izatea parekidetasunaren alde, bazterketaren aurka, sexismoaren aurka, edozein delarik ere bere adierazpidea: bai erakunde publikoetako ordezkariok, hezkuntza-eragileek, komunikabideek, lan-esparruko eragileek, kultura-eragileek, ekonomia-eragileek, edota gutako bakoitzak, izan familian edota lagunartean.
Indarkeria matxistarik gabeko Usurbil nahi dugu. Emakumeok libre eta beldurrik gabe bizi nahi dugu!
Indarkeria sexistarik ez! Ez hemen ez inon!