Adituen esanetan, neguko egunik hotzenetan omen gaude. Bart iluntzetik astearte eguerdira arte abisu horian izango gara, muturreko tenperatura hotz eta baxuengatik. "Izotz txikia egingo du", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. Eta adi; astearte arratsalde honetatik aurrera, 18:00etan hasita berriz jarriko dute indarrean abisu horia muturreko tenperatura baxu eta izotzagatik.
Eta gauerdian alerta laranja elurragatik. Asteazken arratsaldeko 15:00ak arte elurra nonahi egin dezake, 0-100 metrotik gora. Asteazken arratsaldean "1000 m-tik gora igoko da eta gauean 1.500 m-tik gora. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, sarriago barnealdean. Izotz txikia egingo du, barnealdeko zenbait lekutan handia. Aurreikusitako lodierak: 2-10 cm 1000 m-ra, 2-10 cm 600 m-ra, 2-6 cm 200 m-ra".
EGUNOTARAKO IRAGARPENA:
Otsailak 27, asteartea
"Hotza eta izotza. Goiz ia osoan eta gauean izotza botako du ia bazter guztietan eta eguerdi partean tenperatura maximoak doi-doi iritsiko dira 2-4 ºC-ra, beraz hotz handia egingo du egun osoan. Zeruan hodei gutxi izango dugu gutxi gorabehera arratsalde erdira arte, eta gero goi-hodeiak hasiko dira sartzen hegoaldetik. Ipar-ekialdeko haize fina ibiliko da eta gauean ekialdekoa".
Otsailak 28, asteazkena
"Asteazkenean egunaren lehen partean maila baxuetan egingo du elurra. Goizaldean hegoaldetik fronte beroa sartuko zaigu eta prezipitazioa hasiko du. Une horretan tenperatura oso baxuak izango ditugunez, prezipitazioa elur moduan egingo du ia bazter guztietan. Fronte beroak aurrera egin ahala, aire masak nahastu egingo dira eta elur-kota, baita tenperatura ere, bizkor igoko dira. Gainera, egunaren bigarren partean prezipitazio gutxiago espero dugu. Hego-ekialdeko haizea ibiliko da, zenbait momentutan zakar".
Martxoak 1, osteguna
"Ostegunean tenperaturak igotzen jarraituko du. Zeruan hodeiak eta urdinguneak tartekatuko dira eta zenbait momentutan euri pixka bat egingo du, bereziki barnealdean. Hegoaldeko haizea bizi ibiliko da eta horren ondorioz tenperatura nabarmen igoko da: kostaldean baliteke 15 ºC-ak gainditzea eta gainerako tokietan 10-13 ºC ingurura iristea".
Informazio eguneratua: euskalmet.eus
Asteartea | Asteazkena | Osteguna | Ostirala | Larunbata | Igandea |
---|---|---|---|---|---|