Usurbilgo herriak landutako mugikortasun-planaren aurkezpena 18:00etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2018ko ots. 28a, 08:40

Hilabete luzez Usurbilgo Udalak eta herritarrek elkarlanean landu duten Usurbilgo espazio publikoaren berrantolaketaren eta mugikortasun plan berriaren emaitza liburuxka batean jaso da. Egunotan etxeetan banatu du Udalak eta ohartarazi dutenez, jendaurrean aurkeztuko dute asteazkenean, otsailaren 28an 18:00etan Sutegin.

Etorkizunean, lanketa horri esker, 55 aktuazio bideratzea aurreikusten du Udalak. Finean, mugikortasun plan berriak espazio publikoaren eta ibilbideen beste antolaketa bat proposatzen du. “Liburuxka horretan herritarrek Kale Irekiak parte-hartze prozesuan lehentasunezkotzat jo dituztenetako batzuk baino ez dira azaltzen. Ekintza horiek ez dira denak batera egingo. Plangintza bat da, eta bidea zehazten dute”, diote Udaletik.

Prozesu honetan zehar 60 herritarrek eta 196 haurrek parte hartu dute, auzoka, kultur etxean nahiz ikastolan eginiko saioetan. Haiekin guztiekin, “Kale Irekiak” prozesuaren baitan egin diren saioetako ekarpenekin “Mugikortasun Plana osatu dute arkitekto eta teknikariek. Plan horren edukiak, laburbilduta, liburuxka batean jaso dira herritar guztiei, modu argian eta ulerterrazean, erakusteko asmoz”.

Aipatu moduan, liburuxka bat argitaratzeaz gain, herritarrek eta Udalak eginiko lanketaren emaitza jendaurrean aurkeztuko da otsailaren 28an (18:00etan Sutegin) egingo den ekitaldian. Egun berean, mugikortasun planeko edukiak ikusgai jarriko dituen erakusketa zabalduko dute Sutegin martxoaren 16ra arte. Gai honi buruzko informazio gehiago aurki dezakezu Udalaren web orrialdean, usurbil.eus helbidean.