Lau orduko lan uztea deitua dute asteazken honetarako (otsailak 28) ELA eta LAB sindikatuek, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udal eta foru aldundietan. Deialdi honekin bat egitea erabaki zuten Usurbilgo Udaleko langileek astelehenean eginiko batzarrean. Honenbestez, asteazken goizeko 11:00etatik arratsaldeko 15:00etara, lau orduko lan uztea egitekoak ziren enplegu eta lan-baldintzen defentsan eta zerbitzu publikoak indartzea galdegiteko.
Udalak ohartarazi duenez ordea, "Usurbilgo udaleko langile-komiteak, ELA eta LAB sindikatuen eskariz, bertan behera utzi du gaurko lanuztea, elurra herrietan eragiten ari den arazoak konpondu ahal izateko".
Aldarrikapenak
30.000 langile deituak daude bihar lan uztera. "Sektore honetan azken urteotan lanpostu asko galdu dira, egin diren kontratuak behin-behinekoak dira, zerbitzu asko pribatizatu dira hauen kalitatea eta langileen baldintzak nabarmenki okertu direlarik eta eroste ahalmen handia galdu dugu langileok. Horrela, EUDELek berak onartzen duenez, behin-behinekotasunak %36a gainditzen du, eta langileok ikusi dugu nola gure eroste-ahalmena %10 baino gehiago murriztu den", diote LAB eta ELA sindikatuek.
Sindikatuen esanetan, aldarrikapenon bueltan deitua zegoen gaurko lan uztea:
-Zerbitzu publikoak garatu. Ematen ditugun zerbitzu publikoak defendatu eta garatu, pribatizazioak geldituz. Pribatizaturiko zerbitzuetan langileen lan baldintzak duindu eta klausula sozialak landu.
-Enplegu Publikoaren alde: Suntsitutako enplegua berreskuratu eta behin-behinekotasun tasak %6ra jaitsi, akordioak betez. Lanpostuak egonkortu eta sortu. Eta betetzeko Langile batzordeen gehiengoarekin adostutako LEPak deitu.
-Negoziazio kolektiboaren eskubidea berreskuratu: Galdutako eskubideak eta eros- ahalmena berreskuratu.
Irudia: Usurbilgo Udala.