Gutxieneko finantziazioa eskuratuta, (10.000 euro behar zituzten, eta 17.000 euro bildu dituzte) gipuzkoarren txanda da orain; hitza hartu eta adosten hastekoa. Abiatzera doa, abenduan Donostiako Eureka Zientzia Museoan lehenik, eta azken asteotan, herriz herri aurkezten aritu diren Hitzartu prozesua; ostiralean, martxoaren 2an izango da. Hurrengo asteotan, hitzaldi eta eztabaida publiko ugari antolatuko dira, antolatzaileen esanetan, “parte hartzea erreala izan dadin informazioa eta eztabaida bermatu behar dira” eta.
Gipuzkoarren parte hartze prozesua berriz apirilean abiatuko dute. Horretarako bi teknika berritzaile baliatzekoak dira; “Hiritarren Epaimahaia” eta “Gune Irekiak”. Hiritarren Epaimahaiaren kasuan, “irizpide demoskopikoekin, zozketaren bitartez hiritarrak hautatzen dira tailerretan parte hartzeko”. Hiri hondakinen kudeaketarako plana idazteko irizpideak erabaki beharko dituzte, iritzi ezberdinetako adituen laguntzaz. Gune Irekiak teknikaren bidez bestalde, hainbat sektore, herri eta eskualdeetan parte hartze dinamikak antolatuko dituzte. Gizarte mailan elkarrizketaren kultura sustatzea izango du helburu, parte hartu nahi duen orori irekia egongo da.
Parte hartze prozesuko ekarpenekin erredaktatuko da udazkenean, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plana. Hiru baldintza nagusi bete beharko ditu, Hitzarturen sustatzaileen esanetan: gizarte kohesioa, adostasun gehien duen proposamena aurkitzea; osasuna eta ingurumena gehien babesten duen irtenbidea izatea; eta Europako irizpideak betetzen dituen konponbidea izatea.
Prozesua diseinatu eta gauzatzen, Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz ikerketa taldeak eta CSICeko Ernesto Ganuza adituaren laguntza izango dute. Egitasmo honen xehetasunak astearte honetan aurkeztu dituzte Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin duten agerraldian.
Hitzartukide txartela
17.000 euro bilduak dituzte jada baina sustatzaileek gogorarazten dutenez, Hitzarturi lotutako ekimen guztiak finantzatu ahal izateko, prozesua amaitzerako 80.000 eurotara heldu nahi dute. Honenbestez, orain arte jasotakoa “ez da nahikoa; Hitzartukide gehiago beharrezkoak dira. Azpimarratu nahi dugu gure asmoetarako Hitzartukideak lortzea dela eta dirua ezinbesteko baliabide bat, besterik ez”. Alegia, prozesu honetara ahalik eta eragile eta herritar gehien erakarri nahi dituzte. 5 eurotik gorako ekarpenak kontu zenbakiotatik egin daitezke:
Laboral Kutxa: ES05 3035 0140 33 1400031124
Kutxabank: ES83 2095 5060 10 9117692165
Diru ekarpenak egiten dituenak Hitzartukide izango da aurrerantzean. Haientzako Hitzartukide Txartela jarriko dute martxan. Txartelaren jabeak emailez prozesu honen testuinguruan antolatuko diren ekimen guztien berri ematea ahalbidetuko dion emaila jasoko du. Eta baita Hitzartukide txartela ere. Hitzartukide Txartelak gainera, ekainetik aurrera iragarri duten Hitzartu Kulturaleko ekitaldietara joan ahalko du.
Datozen deialdiak
Martxoa
Informazio eta eztabaida publikoaren hasiera.
Martxoak 2, ostirala
18:00 CSICeko bi zientzialariek (Eduardo Rodriguez Farrék eta Fernando Palaciosek) landu duten Zubietako erraustegiari buruzko txosten zientifikoaren aurkezpena Gipuzkoako Medikuen Elkargoko aretoan (Frantzia pasealekua, 12, Renferen tren geltoki ondoan).
Ondoren, errausketa eta osasunari buruzko eztabaida, Biodonostiako ikerlari bat eta osasun publikoaren zuzendaritzako ordezkari batekin.
Martxoak 3, larunbata
Goizean, Eduardo Rodriguez Farré eta Fernando Palacios txostenaren egilearen gosaria hedabideekin. Elkarrizketak emango dituzte.
Martxoak 5, astelehena
19:00 Hitzartu prozesua aurkeztuko dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, Berme Batzordeko kide Garbiñe Biurrun eta Esther Larrañagak.
Martxoak 9, ostirala
19:00 Ibaetako EHUko Carlos Santamaría Auditorioan, “Demokrazia: Adostasun zabalak beharrezkoak direnean, Hiritar arduratsua edo alienatua (delegazioa), nola sendotu gure demokrazia, nola sendatu gizartea gaiari buruzko elkarrizketa”. Parte hartzaileak: Arantza Campos (EHUko Irakaslea Parekidetasunean aditua), Juanjo Alvarez (EHUko zuzenbide katedraduna), Braulio Gómez (“Deusto barómetro”-ko arduraduna) eta Jon Sarasua (Mondragon unibertsitateko irakaslea).
Apirila-ekaina
Hiritarren parte hartze prozesua.
Iraila-abendua
2017-2030 urte arterako Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Planaren idazketa, zereginotarako osatuko den Mahai Tekniko eta Sozialaren eskutik.
Abendua
Hitzartu prozesuaren amaiera eta planaren aurkezpena. Hirugarren parte hartze saioak.
Prozesu honen emaitza Gipuzkoako Batzar Nagusien esku uztea. Hortik aurrera, ordezkari politikoen txanda izango da.
Informazio gehiago:
hitzartu@hitzartu.eus
Twitter: @Hitzartukide
Facebook: Hitzartukide