Martxoaren 8a, GHK-ren tarifak eta merkatalgune handiak izan dituzte hizpide, udalbatza plenoan

Noaua Aldizkaria 2018ko ots. 27a, 20:52

Denetariko gaiak hartu dituzte ahotan udal ordezkariek, astearte arratsalde honetan egin duten osoko ohiko bilkuran. Ate joka dugun martxoaren 8ari begira, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitu eta euskal gehiengo sindikalak bat egin duen greba feministari atxikimendua adierazi dio udalbatzak, EHBilduk aurkeztu eta gainerako udal taldeek ere aho batez onartu duten mozioaren bidez. Udal gobernu taldetik gaineratu dutenez, emakumezko udal langileek eginiko batzarrean hilaren 8an greba egitea erabaki dute.

PSE-k bigarren mozio bat aurkeztu du. Kasu honetan; sexu-erasoen aurkako app bat sortzea proposatzen duena. Gai zerrendako puntu hau ere aho batez onartu du udalbatzak. Baina app hau sortu aurretik hausnartu eta gai hau lantzeko tartea hartzeko asmoa erakutsi dute.

Gaurko hirugarren mozioa, "Merkataritza-gune handiak eta Lurralde-Plan Sektoriala" izenekoa. PSE eta EHBilduren udal ordezkarien babesarekin, EAJ-ko zinegotziak aurka zirela, Jaurlaritzari eskaera argia luzatu diote. "Merkataritza-gune handien antolamenduari buruzko lurralde plan sektoriala behin-betiko onartu arte ez ditzala baimendu tramitazio-bidean dauden eskaerak. Izan ere, sektorea erregulatzeko prozedura martxan dagoen bitartean, guztiz kaltegarria da ekimen berriei bide ematea". 

Gai gehiago ere bai; hirigintzakoak tartean. Hilerri berriko hilobien gaineko bi erabaki hartu ditu udalbatzak: hilerri berrian, emakidaz esleitutako hilobia aldatzeko eskaera bideratzea eta hilerri berriko hilobien gaineko eskubideak esleitu ahal izateko 10. lotea eskaintzea erabaki du.  

Ingurumen gaiei lotuta, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) 2018rako onartuak dituen tarifak auzibidean errekurritzea erabaki du udalbatzak.

Segidan dituzue bozketen emaitzak:

USURBILGO UDALEKO UDALBATZAREN OSOKO BILKURA

Eguna: otsailak 27, asteartea.

Ordua: 18:00.

Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.

Deitzailea: Usurbilgo Udala.

Gai zerrenda:

-Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren hondakinen goi kudeaketa zerbitzugintzaren 2018 ekitaldirako tarifak auzibidean errekurritzea.

Bozketaren emaitza: EHBildu alde, EAJ eta PSE aurka.

-B-03. Urkamendi-Iarbe bidea herri bideko 130 metroko bide zatiaren desafektazioa.

Bozketa: aho batez.

-Udalak hilerri berrian hilobien gaineko eskubideak esleitu ahal izateko lote berri baten eskaintza (10. lotea).

Bozketa: aho batez.

-Hilerri berrian emakidaz esleitutako hilobia aldatzeko eskaera.

Bozketa: aho batez.

-Mozioa: Sexu-erasoen aurkako APP bat sortzea.

Bozketa: aho batez.

-Mozioa: Merkataritza-gune handiak eta Lurralde-Plan Sektoriala.

Bozketa: EHBildu eta PSE alde, EAJ aurka.

-Mozioa: Martxoaren 8an, emakumeok planto!. 

Bozketa: aho batez.