Udarregi Ikastolaren 50. urtemugako abestia grabatzeko entsegua ostiralean

Noaua Aldizkaria 2018ko ots. 28a, 19:51

Ikastolak aurten beteko duen mende erdia dela eta, abestia sortu eta grabatzera doaz, martxoaren erdialdean. Entseatzen hasiak dira. Aurreko larunbatean egin zuten lehen proba. Ostiral honetarako deitu dute hurrengo entsegu saioa. Bi aste barru izango da grabazioa. “Ikastolako guraso, guraso ohi, aiton-amonak kanta batean zuen ahotsa, zuen parte hartzea, betirako hor gera dadin, gonbita luzatzen dizuegu”, adierazi digute Udarregi Ikastolatik. Abestia erraz, 10 minutuetan ikasteko modukoa dela ohartarazten dute. “Ahotsaren kalitatea baino garrantzitsuagoa da parte hartzearen nahia, onartu duzuen hori eta ez geratu atzean, zuen bizitzako grabaketa honetan”, luzatzen du gonbita, Udarregi Ikastolako musika irakasle Jaione Eskuderok. Adi beraz deialdi hauei:

-Martxoak 2, ostirala, 16:30 Entsegu saioa, Udarregi Ikastolaren Agerialde eraikineko musika gelan.

-Martxoak 13-16: grabaketak.

50. urtemugaren atarian

Mende erdia beteko du ikastolak 2018. urte honetan. 50. urtemuga inauteriekin batera hasi ziren ospatzen otsailaren 9an. Baina ekimen gehiago antolatzekotan dira hurrengo hilabeteotan ere. Urtemuga berezia merezi bezala ospatu asmoz, ekitaldi ezberdinak antolatzekotan dira. Ekimenok bideratzeko irakasle talde bat osatu dute jada, “baina hezkuntza-komunitate osoaren artean ospatu nahi dugu!”. Antolaketan parte hartu eta ideia berriak proposatzera animatzen dute. “Ilusioz beterik gattunk! Barreiatu dezagun bada, bazter guztietara gogoa eta ilusioa!!! Guztion artean jantzi dezagun 50. garrena!”. Udarregi.eus atarian sartu eta jada proposatu dituzten ekintzetan laguntzeko izen emateko aukera duzue. Aurreikusi diren ekintzetako batzuk dituzue segidan:

-Martxoa: atzotik gaurdaino: ikasle, irakasle, lehendakari eta familia ohiak….

-Apirila: Udarregi 50. urte bertsotan: Udarregi bertsolari, Udarregi ikastola….

-Maiatza: Udarregi sagardi artean: Usurbilgo bideetan barna (ibilaldi, paseo…).

-Ekaina: Ikastola Eguna. “Izango gattunk beste 50 urteetan! Bai horixe!”.

Lan-poltsa osatzeko deialdia

Haur Eskolan, Haur Hezkuntzan edo Lehen Hezkuntzan lan egiteko interesa duenak Udarregi Ikastolak egin duen lan-poltsa deialdian parte hartzeko aukera du, martxoaren 2ra arte. Horretarako, sartu udarregi.eus atariko “Lan-poltsa” atalean. Hautatu ze ziklotan lan egin nahi zenukeen. “Dagokion ataleko inprimakia bete, eskatzen den dokumentazioa igo”, hortxe egin beharrekoa. Beharrezko argibide guztiak helbide horretan jaso daitezke.