Udaberria ate joka dugun honetan, Usurbilgo kultur eskaintzan loraldia biziko dugu martxoan. Udalak plazaratu berri duen agendari erreparatu besterik ez dago. Hiru ekitaldi ziklo garrantzitsu izango ditugu hilabete honetan; martxoaren 8ko Emakumeen Egunari lotutako hitzorduena lehenbizi; jubilatuena, Gure Pakea Elkartekoen eskutik. Eta hirugarrenik, Zumarte Musika Eskolak antolaturiko 14. Soinurbil Musika Astea.
Hilabetea hasteko, "Angula ustelak" hitzaldia. 2013ko azaroan erraustegia geratu izanagatik, orduko Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari Ainhoa Intxaurrandieta eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatu Iñaki Errazkin epaituko dituzte apirilaren 12an. Kasu honen berri eman eta epaituak izango direnei babesa emateko hitzaldi zikloa antolatu du Gipuzkoa Zutik mugimenduak. Tartean, Usurbilen martxoaren 7rako.
Afalosteko kontzertua
Proposamen berri bat hurrengo asteotako eskaintzan. Kultur agendaren azalean duzue; "Afalosteko kontzertua" martxoaren 23an Sutegin; Xabi San Sebastian, Natali Izagirre eta Ixak Arruti eta Iñaki Lizaso kultur etxeko oholtza gainean, Atea Teatrok antolatuta.
Laburbira, erakusketak, batzarrak...
Lehenago, euskarazko zineari eskainitako igandeaz gozatu ahalko duzue martxoaren 4an; Udalak antolaturiko haurrentzako zine zikloa lehenik, eta NOAUA! K.E.-ren eskutik, Laburbira segidan; azken aldian ekoitzi diren euskarazko film laburren emanaldia.
Bi erakusketa hilabete honetarako; batetik, atzo Usurbilgo Udalak ireki zuena. Hilabetez luzez, "Kale Irekiak" prozesuaren baitan, Udalak eta herritarrek elkarlanean landutako espazio publikoaren antolamendu berriari buruzkoa. Udarregi Ikastolak aurten beteko dituen 50 urteen harira ere, argazki erakusketa bat zabaltzekoa da ikastola.
Hainbat bilera deialdi baita hurrengo asteetarako; Jai Batzordearenarekin batera, Euskaraldia antolatzen segitzeko batzarra martxoaren 14an. Usurbilek jada herri bezala ekimen honetan parte hartzeko izena emana du. Eta deialdi gehiago baita. Hemen duzue Udalak argitaratu berri duen martxoko kultur agenda: