Txosna batzordea ostiral gauean bilduko da berriz Sutegin

Noaua Aldizkaria 2018ko ots. 28a, 20:00

Jai Batzordea, ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko diren Usurbilgo jaiak antolatzen hasia da. Bilgune horretan parte hartzen dute herri eragile desberdinek, tartean prestaketa lanak ere abiatu dituen Txosna Batzordeak. Otsailaren 16an bildu zen lehen aldiz Sutegin. NOAUA!-ra helarazi duten ohar honetan, bigarren bilera deitu dutela berri eman dute. Hitzordua, ostiral honetan, martxoaren 2an, gaueko 22:30etan Sutegin. Bileran parte hartzeko gonbita luzatu dute:

"Adi gazte! Denbora aurrera doa... eta ohartzerako herriko jaiak gerturatzen ari zaizkigu. Aurtengoan ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko dira eta dagoeneko prestaketa lanekin hasi da Jai Batzordea. Gazteok ere gure festak ilusioz eta indarrez ospatu nahi ditugu eta beraz, aurten ere Txosnaguneko egitarau propioa burutzea erabaki dugu. Jai hauek ere zureak egin nahi badituzu, gogo handiz hartuko zaitugu datorren ostiralean (martxoak 2) gaueko 22:30tan Sutegiko aretoan egingo dugun bilera irekian. Animatu, herriak eskertuko dizu, zuk eskertuko duzu! Jaiak herritik eta herriarentzat! Gora jai herrikoi, parekide eta euskaldunak!".