Udalak Usurbilgo espazio publikoaren antolamendu berria aurkeztu du asteazken iluntze honetan Sutegin zabaldu duen erakusketarekin. Bertaratzerik izan ez baduzue, martxoaren 16ra arte bisitatu ahalko duzue, kultur etxeko aretora joanda. Plano eta irudien bidez, oso modu argigarrian ezagutu dezakezue etorkizunerako proposatzen diren berrikuntzak.
Usurbilgo herriak, Udalak eta herritarrek batera "Kale Irekiak" parte-hartze prozesuan, elkarlanean, 2016ko udazkenean zehar, hilabete luzez eginiko lanketaren emaitza da gaur plazaratu dena. 60 herritarrek eta ia 200 haurrek parte hartu zuten, auzoka edota ikastetxeetan eginiko saioetan.
Mugikortasun eredu ezberdin bat proposatzen da, espazio publikoaren antolamendu berria hain zuzen. Motordun ibilgailuak lehenestetik oinezkoak ardatz nagusi izango dituen antolamendurantz joko du udalerri honek hurrengo urteotan. Ibilbide eta kaleak oinezkoentzat egoki eta seguruak izatea bermatu nahi da. Usurbil jasangarria, irisgarri eta bizigarria sustatzea du xede antolamendu berri honek.
Oinezkoek izango dute lehentasuna antolamendu berri horretan, segidan motorrik gabeko ibilgailuek (bizikletak, gurpildun-aulkiak, patinak...), gero garraio publikoak (trena, autobusa...) eta azkenik, motordun ibilgailu partikularrek (kotxeak eta motoak batez ere).
Herri honek aurrera begirako bidea marraztu du jada. Epe luzera begira gauzatu asmo dago antolamendu berria. Guztira 55 proiektu garatzea aurreikusten da hurrengo urteotan. Interes publiko handieneko ekintzak lehenetsi asmo ditu Udalak, "egingarriak direnak, beraien arteko menpekotasunak markatuz, beste administrazioen esku-hartzeak kontuan hartuz, eta, aurreratu ahala, lanen balorazioa eta errebisioa eginez. Hortaz, ez da plangintza itxia edo aldaezina".
Udalak etxez etxe azken asteotan banatu duen liburuxkan lehentasunezkotzat jo diren aktuazioetako batzuk bildu ditu. Honako hauek:
Aginagan
-Pilotaleku ingurua berritzea eta oinezkoentzat egokitzea.
-Origami proiektua: eliza eta eskolaren ingurua berritzea.
-Elutxeko babes ofizialeko etxebizitzetatik herriguneraino, oinezkoentzat bidea egitea.
-Kaxkoa inguratuko duen saihesbide berria egitea.
Txokoalde
-Txokoalde berritzeko proiektua idaztea.
-Txokoaldeko sarrera-irteera hobetzea.
Aginaga-Txokoalde
-Aginaga eta Txokoalde arteko erriberako bidea hobetzea.
N-634 eta Ugaldea
-N-634tik Ugaldea industriagunerako sarbide berria egitea.
-Troiako igarobidean, oinezkoentzat eta bizikletentzat pasabide segurua egitea.
Zubieta
-Aliriko zubian oinezkoen eta ibilgailuen joan-etorria semaforo bidez arautzea.
-Lanbide Eskolaren aurrealdeko bidegurutzearen antolamendua berritzea.
-Zubieta eta Santuenea arteko bidegorria egitea eta egungo errepidea egokitzea.
-Urbil-Txikierdi-Troia lotuko dituen bidegorria egitea.
Usurbil
-Estraperlo kaleko bizikleta erreiari jarraipena ematea eta ikastolarekin lotzea.
-Arrobitxuloko biribilgunea bizikleta eta oinezkoentzat egokitzea.
-Munalurra-Galtzaragaina: Oinezkoen pasabideak hobetzea.
-San Inazio: Alperroburu kalean, baterian, aparkaleku gehiago sortzea. San Inazio kaleko trafikoa antolatzea eta moteltzea.
-Udarregi Ikastola-Oiardo Kiroldegia: Gernika etorbidearen azken zatia norabide bakarrekoa egitea; Udarregiko zelaian, behin-behineko aparkaleku berdeak egitea. Kiroldegiaen aurreko parkean jolasguneak jartzea. Ikastolako bi eraikinen artean dagoen belazean oinezkoentzat bidea egitea. Ikastola aurrean espaloiak eta oinezkoen guneak handitzea. Trafikoa moteltzea. Hilerri zaharra parke publiko bihurtzea.
-San Inazio eta Kontseju Zarra ingurua: Kontseju Zarra kalea berrantolatzea.
-Txaramunto: Txaramuntoko bide ertzeko parkea moldatzea eta aparkalekuak berrantolatzea. Txaramungo eta Etxealdia lotzea, Saroe jauregiko lorategitik.
-Kaxkoa: Askatasuna plaza birmoldatzea, Kontzeju eta Zubiaurrenea kaleak oinezkoek eta trafikoak partekatzeko moduan egitea, Bordatxo ingurua berrantolatzea eta oinezkoei lehentasuna ematea, San Inazio kaleko oinezkoen ibilbideak handitzea eta hobetzea, udaletxe ingurua oinezkoentzat egitea: Kontzeju Zarra eta Irutasun kaleak, udaletxearekin lotu. Udaletxeko plaza egokitzea eta biziberritzea. Kale Nagusiaren zati bat oinezkoentzat egitea.
-Etxealdia-Bizkarre: jolasgunea lekuz aldatzea eta aparkaleku gehiago egitea, Kale nagusiko garapen berriari lotuta, aparkaleku publiko estaliak egitea.
-Eguzkitza: autobus geltoki berria egitea, Askatasuna plaza behealdean; Zubiaurrenea kalea berrantolatzea eta Askatasuna plazarekin lotzea; Zubiaurreneatik Artzabalerako lotura hobetzea; Bordaberri kalearen azken zatia handitzea eta aparkalekuz hornitzea.
-Artzabal ingurua-Puntapax: Olarriondo garatu bitartean, behin-behinean, aparkalekuak egitea; Puntapaxen bizikletentzat errei-babestua eta espaloia osatzea; Puntapax kalean oinezkoen ibilbideak lehenestea bidegurutzeetan.
-Errekatxiki, Kalezar eta Ugartondo: Puntapax eta Errekatxiki kaleen artean bidegurutzea egitea; Puntapaxen Kalezarrerako igoera oinezkoentzat eta bizikletentzat egokitzea; Errekatxikiko parketik Kalezarrerako eskailerak konpontzea; Errekatxikiko parkean jolasgune bat egitea.
-Santuenea: Santueneara arteko bidegorria egitea.
-Bizkarre-tren geltokia: Atallutik Santuenera bidegorria egitea; Etxealdiatik tren geltokira pasarela berria egitea, errepidearen eta trenbidearen gainetik.
-N-634 eta Ugaldea: Ugaldea eta Atallu industriaguneak lotzea, trenbide gainetik; Troiatik Kaxkoraino oinezkoentzat eta bizikletentzat ibilbide segurua egitea; Ostapeko herriko sarreran biribilgune bat egitea, sarrera-irteerak hobetzeko.
-Pikaolatik Haraneraino espaloia egitea.
Informazio gehiago: usurbil.eus
OLYMPUS DIGITAL CAMERA