Usurbilen turismoari bultzada eman asmo dio Udalak, baina aurrez, sustatu beharreko turismo ereduaz hausnartu nahi dute herritar eta eragileekin. Aste honetarako bi bilkura deitu dituzte. Bat atzorako; turismoari lotutako zerbitzuak eskaini edo eremu honetan diharduten eragileekin. Elurra tarteko ordea, bertan behera geratu zen. Ostegun honetan, kultura eta eremu soziokonomikoko eragileekin bildu da Udala Potxoenean.
Horrez gain, gai honi buruzko iritzia emateko galdetegi bat ere zintzilikatu dute usurbil.eus atarian. "Animatu eta parte hartu!", luzatu du gonbita Usurbilgo Udalak. Helbide honetan sartuta bete dezakezue: Galdetegia
Turismoari bultzada
Usurbilek badu zer erakutsi munduari, eta bisitariek mundu mapan kokatzeko hamaika altxor aurki ditzakete Usurbilen. Horregatik ezinhobeto uler daiteke otsailaren 15ean, Udalak agerraldi bidez iragarritakoa: "Turismoari bultzada bat eman nahi diogu Usurbilen". Bultzada bai, baina ez edozein modu edo neurritakoa.
"Ez du edozerk balio turismoari begira", azpimarratu zuen Xabier Arregi, Usurbilgo alkateak. Helburua ez litzateke ahalik eta bisitari gehien erakartzea, hiriburuetan bisitari masifikazioek eragindako arazoak saihestu nahi dira. "Jendea erakarri bai, zer erakutsia badugulako, baina hori guztia herriak berez duen nortasunari tinko eutsita" sustatu nahi dute. Herri izaera babestuta alegia.
Azken hilabeteotan gai honi lotutako aurrelanketa bat bideratu du Udalak, eta orain, eragile zein herritarrekin partekatu nahi du. Turismo eredua definitu nahi dute martxan jartzera doazen hausnarketa prozesuaren bidez.
Esperientzia pausatuen aldeko apustua
Gogoeta aldi honetan aurkeztuko duten proposamenaren gaineko zenbait zertzelada aurreratu zituen Udalak, hilaren 15ean Potxoenean egindako agerraldian.
Turismo eredu lasaia, herria ezagutzeko esperientzia pausatuak bultzatu nahi dituzte, herritar eta bisitarien arteko interakzioa sustatuko duen eredua. Tokiko ekonomia, arlo soziala eta espazioa, herria bera, hiru elementuon arteko oreka bilatuko duen egitasmoa bideratu nahi dute.
Udalak argi du; Usurbilek hamaika nortasun ezaugarri ditu munduari erakusteko; azken hamarkadetan euskararekin eta euskal kulturarekin izan duen lotura nabarmena, balore paisajistikoak, sagar, sagasti eta sagardoaren kultura, angulena... Gertu ditugun hiriburu eta kostaldetik ezberdinduko duen eskaintza du udalerri honek, "gure txikitik eskaintza aberatsa" duela dio Udalak eta balore hauei guztiei lotutako esperientzia turistikoak eskaini nahi dituzte.
Beti ere, orain arte egindakotik abiatuta. Gogoan izan, Udalak "Harria hitz" Usurbilen barrena arte garaikideari lotuta ditugun altxorrak ezagutzeko hainbat bisita gidatu antolatu ohi ditu. "Ibilbide horrek irudikatzen du, tradizioaren edo gizarte molde baten eta modernitatearen edo arte garaikidearen arteko trantsizioa", zioen aurreko asteko agerraldian alkateak.
Oria ibaiaren inguruko lanketa ere egina dute. "Oria ibaia guretzat altxorra da ikuspegi askotik; ondare, etnografia, arkeologia, paisajiaren ikuspuntutik. Esperientzia aberatsak izateko aukera paregabeak eskaintzen ditu", zioten.
Ekintza plana diseinatzera
Proiektu hau gauzatzeko hausnarketa fasea abiatzera doala iragarri zuen Usurbilgo Udalak. Prozesu hau ez dute bakarrik jorratu nahi noski, herritar eta eragileekin baizik. Haiekin, herriarekin partekatu eta herriak onarturiko proposamena osatzeko zenbait ekimen abiatuko ditu.
Eragile eta herritarrak ezinbesteko bidelagunak dituztela nabarmendu zuen, garapen sozioekonomikoaz arduratzen den zinegotzi Alaitz Aizpuruak. "Usurbildarrok eroso sentitu behar dugu eratzen ari garen estrategia honetan eta horretarako elkarrizketa behar beharrezkoa da. Kontaketa propiotik abiatu eta denon artean osatu nahi dugu egitasmoa".
Abiatzera doazen hausnarketa prozesu horretatik ekintza plan bat diseinatu eta plan hori gida gisa hartuta, turismoaren alorreko lanketa garatuko du herri honek, hurrengo urteotan.
Merkatuan ezberdintzeko osagaiak baditu
Hausnarketa prozesu honetan bidelagun izango ditu Udalak, herritar eta eragileekin batera, kultur zerbitzuak eskaintzen dituen Ereiten enpresa, baita Lurmetrika, prozesu honekin garatu nahi den ekintza planaren ardura bere gain hartuko duen lantegia.
Lurmetrikako ordezkari Aurkene Azuak prentsaurrekoan zioenez, merkatuan funtzionatzeko egun ezinbestekoa den ezberdintasun hori izateko osagairik ez zaio falta Usurbili. "Hemen badugu merkatuan agertzeko aukera emango digun, gure izaeraren berezitasun bat. Hemen dagoen kultura garaikidearen lerro hori, herrikoia da bere baitan", zioen Azuak. Usurbilek duen balio paisajistikoa nabarmendu zuen baita.
Eskuartean dutena, proposamen bakar, berritzaile eta adimentsua dutela zioen. Herriari ekarpena egin nahi diona, "bertako eragileekin garatuko den egitasmoa". Erronka potoloa dute eskuartean, Ereiten enpresako ordezkari David Zapirainek zioenez. "XXI. mendeko usurbildarrak aintzat hartu eta jendaurrean partekatzeko balekoa izango den istorio atsegin bat sortu behar dugu", zioen, Usurbila etorriko direnentzat. "Etorri, ezagutu, zerbait jaso eta zerbait hori eramango dute. Zerbait hori da guk landu behar duguna", zioen.
Usurbilek zer kontatua baduela dio. "Eskertzekoa da, Usurbilek bere burua ezagutarazteko aukeratu dituen elementuak kultura garaikideari lotutakoak izatea, aurrerapauso handia da hori", nabarmendu zuen.