Usurbilgo Udalak bat egin du martxoaren 8ko greba feministarekin

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 1a, 12:00

Euskal Herriko mugimendu feministak martxoaren 8rako deitu duen greba feministarekin bat egin du, astearte arratsaldeko osoko bilkuran EHBilduk aurkeztu eta udalbatza osoak babestu zuen mozioaren bidez. "Martxoaren 8rako mugimendu feministak eta gehiengo sindikalak deitu duten grebarekin bat egitea, eta herriko emakumeak deitzea, greba deialdiarekin bat egitera, eta herritarrak bere osotasunean deitzen ditu antolatuko diren mobilizazio nagusietan parte hartzera", dio udalbatzak aho batez onarturiko mozioak. Segidan duzue aipatu testua, bere osotasunean.

Argi dio, emakumeak mendean hartu eta zapaltzen dituen sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala salatzea helburu du astebete barrurako deitua dagoen greba feministak. Ezinbestekotzat jotzen da "emakumeok antolatzea eta sistema borrokatzea, eta pertsonak erdigunean jarriko dituen beste sistema sozioekonomiko baten alde egitea. Horretarako, ezinbestekoa da euskal herritarrok erabakitze eskubidea izatea, politika publiko guztietan genero-berdintasuna bermatzeko". 

Emakumezko udal langileek greba egingo dute

Aipatu moduan, mozio honen bidez, Udalak bat egin du Emakumeen Eguneko mundu  mailako greba feministarekin. Osoko bilkura berean, udal gobernu taldetik berri eman zutenez bestalde, emakumezko udal langileek martxoaren 8an zer egin erabakitzeko batzarra egin zuten aste hasieran . Planto egitea erabaki dute, grebara doaz. Egun horri begira, hainbat deialdi egin dira. Hemen dituzue gaur arte bildu ahal izan ditugunak:

GREBA FEMINISTA

Martxoak 8, osteguna

11:00-15:00 / 18:00-22:00 Euskal gehiengo sindikalak (LAB, ELA, Steilas, ESK, Hiru eta EHNE) deitutako lan uzteak.

11:00 Agerraldia Usurbilgo udaletxe atarian. 

12:00/20:00 Mobilizazioak hiriburuetan (Donostiakoak Bulebarretik).

Informazio gehiago:

Twitter: @m8EuskalHerria

Facebook: M8EuskalHerria

m8grebafeminista@gmail.com

grebafeminista.wordpress.com

Deitzailea: Euskal Herriko Mugimendu Feminista.

MARTXOAREN 8ARI LOTUTAKO DEIALDIAK

Martxoak 4, igandea

10:30 29. Lilatoia Donostiako Bulebarretik. Hamarnaka usurbildarrek parte hartuko dute.

Oharra: lasterkariaren poltsa (dortsala, nikia, bisera…) eskuratzeko martxoaren 2an eta 3an, 11:00-14:00 / 16:00-20:00 artean, Donostiako Emakumeen Etxean (Okendo 9, Donostia).

Informazio gehiago: lilaton.es

Antolatzailea: Atletico San Sebastian.

Martxoak 8, osteguna

Egunean zehar, greba feminista.

18:00 Emakume ekintzaileekin, haien ibilbide profesionalaz solasaldia Kabienen. Sarrera librea. Solaskideak: Miren Narbaiza (MICE), Leire Cancio (Elhuyar), Arrate Imaz (Loratu), Oihane Iribar (Xixahori) eta Idoia Torregarai (Barretartia). "Ekitaldiaren helburua emakume profesionalen lana ezagutaraztea da, eta, nola ez, beste emakume batzuk ekintzaile izatera animatzea". 

Antolatzailea: Kabiene elkarlan gunea.

Martxoak 9, ostirala

21:00 Bertso-afaria Artzabalen. Parte hartuko duten bertsolariak: Amaia Agirre, Miren Artetxe eta Eli Pagola. Gai jartzailea: Ainhoa Agirreazaldegi.

Txartelak: aurrez salgai Artzabalen. Txartel kopurua, mugatua.

Antolatzaileak: Bota Punttuba bertso eskola, Matrakak Talde Feminista eta Usurbilgo Udala.

Martxoak 16-17, ostiraletik larunbatera

Autodefentsa feminista ikastaroa Oiardo Kiroldegian. Bideratzailea: Emagin Elkartea. Ordutegia:

-Martxoak 16 (ostirala), 16:00-20:00.

-Martxoak 17 (larunbata), 09:30-13:30.

Izen ematea (martxoaren 14a baino lehen): 

parekidetasuna@usurbil.eus

943 377 110

Antolatzailea: Usurbilgo Udala.