"Axel, heroi txikia", haurrentzako zinea euskaraz igandean

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 2a, 08:00

Sutegiko auditorioko eserlekuetan eroso asko jarrita, arratsalde pasa ederraz gozatzeko aukera izango da igande honetan, martxoaren 4an. Bi hitzordu izango ditugu; batetik, haurrei zuzendutako euskarazko zinea, eta segidan, NOAUA! K.E.-ren eskutik, Laburbira.

Usurbilgo Udalak Ziortza Gazte Elkartearekin elkarlanean antolatutako euskarazko film proiekzioa lehenbizi, haurrentzat igande arratsaldeko 17:00etan Sutegin. Sarrerak egunean bertan 3 eurotan salgai Sutegin. Honela dio ikusi ahalko den filmaren sinopsiak. "Barabooko gazte zalapartaria da Axel. Egun batean, Bontas basoak hiria salbatuko duenaren ametsaldia izango du eta Bontas basora bidaiatzea erabakiko du, Jono bere lagun lotsatiarekin batera. Iman Beltza Bailarako harri flotatzaileen bitartez egiten duen bidaian zehar arrisku handiekin egingo dute topo, baina lagunak ere egingo dituzte, Pootron izeneko ostruka erraldoia esaterako, zeina bere lagun leiala bilakatuko den. Bere buruari benetako heroi bat dela erakusteko, ordea, Axelek Musker Erregeari egin beharko dio aurre. Musker Erregeak Bonta basoko landare guztiak bere menpe izatea eskatuko du Gaga printzesa askatzearen truke".