Istripu larria gertatu da ostiral arratsalde honetan, 14:30ak aldera, Luzuriaga parean. Errepidea itxita egon da, auto-ilara luzeak eragin ditu. Trafiko Zuzendaritzak adierazi duenez, GI-20 errepideraino heldu dira auto-ilarak. Arratsaldean zabaldu dute berriz, N-634 errepidea. Guztira bost lagun zauritu dira istripuan, herritarrak. Donostia ospitalera eraman dituzte.
Istripua gertatu berritan helarazi digu ondoko irudia, Donostiatik Usurbila bidean zetorren Arantxa Manterola usurbildarrak. Hala kontatu digu: "2 kotxe eta kamioi bat inplikaturik. Zaurituak daude, gutxienez kotxe bateko gidaria eta atzeko bidaiari bat ere bai. Luzuriaga-Fagor fabrikaren parean gertatu da. Azaldu didatenez, Usurbilgo norantzan zihoan auto batek frenatu egin du eta atzetik zihoanak gelditzeko denborik ez eta ezker aldera jo du eta han kamioiaren kontra joan da eta errebotez aurreko kotxeari ere eman dio. Kotxea, egia esan, oso oso kaltetua, batik bat, aurrekaldea dena txikituta".
Argazkia: Arantxa Manterola.
Usurbilgo Udala: “N-634k ez ditu oinarrizko segurtasun baldintzak betetzen”
Gaurko eguerdian istripu larria izan dute herriko lau gaztek N-634 errepidean, Luzuriaga parean. "Ez da lehen aldia toki horretan bertan halako istripu bat gertatzen dena. Horregatik, eskatu izan dio udalak behin eta berriz Gipuzkoako Diputazioari N-634 errepidearen izaera aldatzeko eta izaera urbanoa emateko, trafiko bolumena murriztu ahal izateko", Udalak prentsa-ohar bidez jakinarazi duenez. "Gainera, trenbidearekin batera, hainbat pasagune arriskutsu eragiten ditu eta soluziobide osoa eskatzen du ezinbestean. Herritarrek euren joan-etorrietarako sarritan gurutzatzen baitituzte pasabide horiek, edozein delarik ere tokia. Eta, horregatik, arazoari adarretatik heltzeko eskatzen diogu diputazioari". Usurbilgo Udalaren esanetan, ezinbestekoa da beste herrietan egin den bezala, "N-634ari izaera aldatzeko eta izaera urbanoa emateko Usurbildik igarotzen den zati osoan".
https://twitter.com/DSS_Babeszibila/status/969580193072414720
https://twitter.com/112_SOSDeiak/status/969606148058906624
https://twitter.com/trafikoaEJGV/status/969600345776250880
https://twitter.com/trafikoaEJGV/status/969586074963070976
https://twitter.com/trafikoaEJGV/status/969568397888540672
https://twitter.com/trafikoaEJGV/status/969570413704511489