Berme Batzordeko kide Esther Larrañagarekin batera aurkeztuko dute gaur Hitzartu Donostian

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 5a, 12:20

Gutxieneko finantziazioa eskuratuta gipuzkoarren txanda da orain; Gipuzkoako hiri hondakinen kudeaketarekin dugun arazoa adostasunez eta elkarlanean konpontzeko hitza hartzen hasteko garaia. Ostiralean abiatu zuten Hitzartu esku hartze prozesua Donostian, osasuna eta errausketa hizpide zuen CSICeko bi zientzialariek Zubietako erraustegiari buruz eginiko txostenaren aurkezpenarekin. Egunotarako deialdi gehiago egin dituzte. Hurrengo asteotan, hitzaldi eta eztabaida publiko ugari antolatuko dira, antolatzaileen esanetan, “parte hartzea erreala izan dadin informazioa eta eztabaida bermatu behar dira” eta. 

Datozen deialdiak

Martxoak 5, astelehena

19:00 Hitzartu prozesua aurkeztuko diete donostiarrei hiriburuko Koldo Mitxelena Kulturunean, Berme Batzordeko kide Esther Larrañagak, eta GuraSOSeko kide Joxe Mari Izetak eta Joseba Belaustegik.

Martxoak 9, ostirala

19:00 Ibaetako EHUko Carlos Santamaría Auditorioan, “Demokrazia: Adostasun zabalak beharrezkoak direnean, Hiritar arduratsua edo alienatua (delegazioa), nola sendotu gure demokrazia, nola sendatu gizartea gaiari buruzko elkarrizketa”. Parte hartzaileak: Arantza Campos (EHUko Irakaslea Parekidetasunean aditua), Juanjo Alvarez (EHUko zuzenbide katedraduna), Braulio Gómez (“Deusto barómetro”-ko arduraduna) eta Jon Sarasua (Mondragon unibertsitateko irakaslea).

Bi teknika berritzaile

Gipuzkoarren parte hartze prozesua berriz apirilean abiatuko dute. Horretarako bi teknika berritzaile baliatzekoak dira; “Hiritarren Epaimahaia” eta “Gune Irekiak”. Hiritarren Epaimahaiaren kasuan, “irizpide demoskopikoekin, zozketaren bitartez hiritarrak hautatzen dira tailerretan parte hartzeko”. Hiri hondakinen kudeaketarako plana idazteko irizpideak erabaki beharko dituzte, iritzi ezberdinetako adituen laguntzaz. Gune Irekiak teknikaren bidez bestalde, hainbat sektore, herri eta eskualdeetan parte hartze dinamikak antolatuko dituzte. Gizarte mailan elkarrizketaren kultura sustatzea izango du helburu, parte hartu nahi duen orori irekia egongo da.

Parte hartze prozesuko ekarpenekin erredaktatuko da udazkenean, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plana. Hiru baldintza nagusi bete beharko ditu, Hitzarturen sustatzaileen esanetan: gizarte kohesioa, adostasun gehien duen proposamena aurkitzea; osasuna eta ingurumena gehien babesten duen irtenbidea izatea; eta Europako irizpideak betetzen dituen konponbidea izatea.

Prozesua diseinatu eta gauzatzen, Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz ikerketa taldeak eta CSICeko Ernesto Ganuza adituaren laguntza izango dute. Egitasmo honen xehetasunak, otsailaren 27an Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean eginiko aurkezpeneko ondoko bideoan dituzue.

Hitzartukide txartela

17.000 euro bilduak dituzte jada baina sustatzaileek gogorarazten dutenez, Hitzarturi lotutako ekimen guztiak finantzatu ahal izateko, prozesua amaitzerako 80.000 eurotara heldu nahi dute. Honenbestez, orain arte jasotakoa “ez da nahikoa; Hitzartukide gehiago beharrezkoak dira. Azpimarratu nahi dugu gure asmoetarako Hitzartukideak lortzea dela eta dirua ezinbesteko baliabide bat, besterik ez”. Alegia, prozesu honetara ahalik eta eragile eta herritar gehien erakarri nahi dituzte. 5 eurotik gorako ekarpenak kontu zenbakiotatik egin daitezke:

Laboral Kutxa: ES05 3035 0140 33 1400031124

Kutxabank: ES83 2095 5060 10 9117692165

Diru ekarpenak egiten dituenak Hitzartukide izango da aurrerantzean. Haientzako Hitzartukide Txartela jarriko dute martxan. Txartelaren jabeak emailez prozesu honen testuinguruan antolatuko diren ekimen guztien berri ematea ahalbidetuko dion emaila jasoko du. Eta baita Hitzartukide txartela ere. Hitzartukide Txartelak gainera, ekainetik aurrera iragarri duten Hitzartu Kulturaleko ekitaldietara joan ahalko du.

 

HITZARTU PROZESUAREN XEHETASUNAK

Oinarriak

1-Gizarte-kohesio handiagoa lortzea.

2-Ingurumena eta osasuna gehiago babestea.

3-Europako araudi eta politikak zorrotzago betetzea.

Hiru azpi parte hartze prozesu

1-Parte hartzea.

2-Planaren erredakzioa.

3-Babes juridikoa.

Egitekoak

-Herritarren parte hartze prozesua burutzea.

-Parte hartze prozesutik 2017-2030 urtera arteko Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralaren dokumentua erredaktatzea. Dokumentu horrek jasoko du parte hartze prozesutik ateratako herritarren akordioa eta Gipuzkoako hiri hondakinak kudeatzeko irtenbide teknikoa.

-Hondakinen kudeaketaren gaiaren inguruan adostasuna lortzea.

Egutegia

Urtebeteko iraupena izango du prozesuak:

2017ko abendutik 2018ko urtarrilera: diru-bilketarako kanpaina (crowfounding bidez).

2018ko otsailetik ekainera: parte hartze prozesuaren dinamizazioa. Herritar eta eragileekin batzarrak.

2018ko irailetik abendura: mahai soziala eta teknikoaren arteko lanak eta dinamizazioa eta 2017-2030 urtera arteko Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Integralaren idazketa.

2018ko abenduan: Mahai Teknikoak idatzitako hondakinak kudeatzeko plan berriaren aurkezpena. Planaren azterketa, ebaluaketa eta parte hartzaileen oniritzia emateko batzarrak.

Bi mahai

-Mahai Soziala (Eztabaida mahaia):

Parte hartzaileak: ahalik eta sektore sozial gehien eta anitzez osaturiko mahaia.

Egitekoa: 2018ko lehen seihilekoan deituko dituen batzarretako lanketa. Gipuzkoako udalerri eta eskualdeetan bildutako iritziak eta lehentasunezko proposamenak mahai teknikora helaraztea. 

-Mahai Teknikoa (Idazkaritza mahaia):

Parte hartzaileak: eremu ezberdinetako adituak; juristak, ekonomistak, soziologoak, politologoak, irakasleak, osasun eremuko profesionalak... 

Egitekoa: "Hondakin Plangintzaren egitura eta eduki edo atal nagusiak markatzea eta Mahai Sozialaren proposamenak jasoz gero, Plana idaztea".

Prozesuaren diseinatzailea

Euskal Herriko Unibertsitatea.

BERME BATZORDEA

"Hitzartu" parte hartze prozesua jarraitu eta gainbegiratuko duen organoa ere aurkeztu zuten abenduaren 16an Donostiako Eureka zientzia museoan; Berme Batzordea. Eremu ezberdinetako aditu ezagunek osatuko dute bilgune hau:

Esther Larrañaga Galdos (Bergara):

-Zuzenbidean lizentziatua.

-Enpresen kudeaketan masterra.

-Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Hezkuntza eta Turismo saileko zuzendaria (1987-1990), Eusko Legebiltzarreko Parlamentaria (1990-91), Madrilgo Diputatuen Kongresuan diputatua (1991-1993), Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen Sailburuordea (1995-2001), Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordea (2001-2005), Lurralde Plangintza eta Ingurumen Sailburua (2005-2009).

Pedro Ibarra Güell (Getxo):

-Zientzia politikoetan katedraduna EHU-n.

-"Parte Hartuz"-en sortzailea (demokrazia parte-hartzaileari buruzko EHUko ikerketa-taldeko kidea).

-Irakasle bisitaria Firenzeko Unibertsitate Institutu Europarrean eta Bordele, Bartzelona eta Nevadako unibertsitateetan.

Ernesto Ganuza Fernandez (Madril):

-Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko zientzialari titularra.

-Soziologian doktorea Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean.

-Parte-hartzeari buruzko ikerketa-masterraren koordinatzailea Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean.

-"Revista Internacional de Sociologia" aldizkariko idazkaria.

Juan Jose Alvarez Rubio (Zumaia):

-Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna EHU-n.

-2015eko Eusko Ikaskuntza saria.

-Gobernantza Demokratikoaren Institutuko idazkaria.

Garbiñe Biurrun Mancisidor (Tolosa):

-EAEko Auzitegi Nagusiko Lan-arloko Salako presidentea.

-EHUko lan-zuzenbideko eta Gizarte Segurantzako irakasle asoziatua.

-"Jueces para la Democracia" elkarteko kidea.

Bernardo Atxaga (Asteasu):

-Ekonomian lizentziaduna.

-Euskaltzaindiako kidea.

-Idazlea.

-Euskadi Saria (1989, 1997, 1999), Espainiako Literatura Sari Nazionala (1989), Millepages saria (1991), Pirinio Atlantikoetako Hiru Koroa saria (1995), Eusko Ikaskuntza saria (2002), Cesare Pavese poesia-saria (2003) eta Espainiako Kritikaren Saria (1978, 1985, 1988, 1993, 2003).

Informazio gehiago:

hitzartu.eus

hitzartu@hitzartu.eus

Twitter: @Hitzartukide

Facebook: Hitzartukide

Informazio gehiago:

hitzartu.eus

hitzartu@hitzartu.eus

Twitter: @Hitzartukide

Facebook: Hitzartukide