Zubietako erraustegiari emandako Ingurumen Baimen Bateratuak ez du herritarron osasuna bermatzen

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 5a, 13:57

Hala dio CSIC (erdaraz, "Consejo Superior de Investigaciones Científicas") estatu espainiarreko agentziako bi zientzialarik, Eduard Rodriguez Farré doktoreak (Bartzelonako Biomedikuntzako Ikerketetako Institutuko irakaslea, CSIC-IDIBAPS eta ISCIII-ko Epidemiologia eta Osasun Publikoko CIBEReko kidea, eta Europar Batasuneko osasun arrisku berrien Batzorde Zientifikoko kide ohia) eta Fernando Palacios doktoreak (CSIC-eko ikertzaile titularra / MNCN - Biodibertsitate eta Biologia ebolutiboko saila) landu eta plazaratu berri duten txosten perizial eta zientifikoak. Helburu argi batekin egina. Zubietan eraikitzen ari diren plantako "errausketa prozesuek herritarren osasunarentzat kaltegarriak izango diren substantzia toxikoak eragingo dituzten eta isurketa hauetarako emisio mailak finkatu diren edo ez frogatzea".

Joan den ostiralean aurkeztu zuten Donostiako Medikuen Elkargoaren egoitzan, Hitzartu prozesua abiatzeko antolatu zuten ekitaldiaren baitan. Txosten honek, Eusko Jaurlaritzak 2016ko apirilaren 11n Zubietako erraustegiari emandako Ingurumen Baimen Bateratua aztertu du. Eta ondorio nagusi honetara heldu dira zientzialariak. "Azterturiko Ingurumen Baimen Bateratuak ez du bermatzen osasuna, atmosferara isurtzen diren substantziekiko kontrol eta mugarik ez baitu ezartzen. Inguruan barreiatuko dira, landaretzan, lurzoruan eta uretan". 

Txostenak gogorarazten du, egungo legediak Ingurumen Baimen Bateratua herritarron osasunarentzat eta ingurumenerako arriskutsuak diren susbtantzien emisioa mugatu behar duela. Zehazkiago esanda, propietate mutageno edo kantzerigenoak izan edo airearen bidez ugalketan eragin dezaketela frogatuak dauden" susbtantziak. Eta Zubietako erraustegiari emandakoak gabezia nabarmenak dituela. Erraustuko diren hondakinek isuriko dituzten hainbat substantzia kutsakorrekiko kontrolik ez da ezarri ezta gehienezko emisio kopuruak finkatu ere.

Isurketek araudia errespetatu arren, kaltegarriak

Zientzialariok eginiko lanketak argi utzi du; segurtasun neurri guztiak hartuta ere, erraustegiak toxikoak dira eta ingurua pozoitzen du. Iragazkiak, arazketa sistemak jarrita ere, substantzien emisioa baimendutakoa izan arren, berdin berdin, "substantzia arriskutsuak isurtzen dira". Airean zabaltzen dira, eta instalakuntzon inguruan pilatzen dira, kontzentrazio maila altuan gainera. Adituen txostenak ohartarazten duenez, "isuritako substantziak alde egiten ez dutenak dira, metagarriak. Substantziok, dioxinek eta edota furanoek esaterako, kontuan izateko moduko minbizi arriskua sortzen dute instalakuntzon inguruan bizi direnengan".

Onenean, isurketa maila baxuenak izan eta guztiak kontrolpean egongo balira ere, substantzia hauekiko etengabeko esposizioagatik, "erraustegien inguruko ur eta elikagai ingestioak, patologiak izateko gehiegizko arriskuak eragiten ditu pertsonengan".

Agerikoa, hondakinak erraustu eta gaixotzearen arteko lotura

Txosten honek ohartarazten duenez, ezagunak dira isurketok herritarron osasunean izan ditzaketen eragina. Minbizia, mutagenoak edota ugalketan kaltea ekar ditzakete. Txostenak agerian uzten du beste behin, izan erraustegi zaharrak edo izan Europan martxan diren erraustegi modernoetan, kasu guztietan, agerikoa dela hondakinak errausteak inguruan bizi diren herritarrei eragiten dizkieten "patologia serioak". 

Neurriak hartzen ez badira gainera, erraustegien emisioetan substantzia berrien txertatzeak, "orain arte argitaratu izan diren datuen bidez ezagutzen duguna baino eragin are serioagoa izango du pertsonen osasun eta ingurumenean". Eta eragin nabarmenena, erraustegitik gertuen bizi garen udalerriotako herritarrengan. "Erraustegiaren emisioek gertutasunagatik eragin nabarmenagoak izango dituzte erraustegiaren bueltan dauden biztanleengan; Usurbilen, Zubietan, Lasarten eta Urnietan. Udalerriotako kaxkoak erraustegitik 1-3 kilometrora kokatuak daude, eta Andoain eta Igara 3-5 kilometrora".

Ingurumen organoen eraginkortasun falta

Adituon txostenak hainbat gabezia utzi ditu agerian, eta horrekin batera, emisio mailak betearazteko ingurumen organo erregulatzaileen gaitasun historiko falta ere bai. Hainbat gabezia antzeman dituzte:

-Identifikatu gabeko substantzien toxikotasunari buruzko datu falta.

-Metal arriskutsuen emisio saihestezinak.

-Tximinien eraginkortasun falta. Horrek emisioen gehitzea dakar, zehaztu ezin den kopuruetan.

-Dioxina eta furanoen gisako substantzia oso toxikoen sorrera tximinietan, eta haien gehitzea ingurunean eta giza ehunetan.

-Errauts hegakorrentzat eta araztutako uren tratamendurako teknika egokien falta.

-Gasek euri azidoa, ozonoaren osaera, eta arnasketa sistema erasaten laguntzen dute.

-Beste substantzia organikoen eraginen handiagotzea giza ehunetan: toluenoa, bentzenoa, alkoholak, fenolak... 

-Kutsaduraren kontrol falta eta jarraipen taldeen efizientzia falta denbora errealean.

-Hondakinak 1.100 gradutara errausteak ez ditu desegiten zenbait substantzia toxiko: bentzenoa eta toluenoa.

-Tenperatura 700etik 930 gradu zentigradura igotzean, metalen emisioa handitzen da.

-Pizte eta itzaltze faseetan, dioxina kopurua izugarri igotzen da.

Hondakinak erraustuz isuriko diren susbtantziak

-Mota askotariko plastikoak: 1-3 butadienoa, bentzenoa, toluenoa, metal astunak...

-Gomak: butadienoa, benzopirenoa, estirenoa, bentzenoa, toluenoa.

-Paper eta kartoi hondakinetatik: metalak, dioxinak, furanoak, gas azidoak.

-Araztutako lohiak: metal astunak, merkurioa, dioxinak, hidrokarburo aromatikoak, naftalenoa...

-Nanomaterialak (hondakinak erraustu ostean, errauts edo beste hondakinetan antzeman daitezke): magnesio hidrogenoa; titanio, aluminio, zink oxidoa; ikatz beltza... 

Zubietako erraustegian kontrolpean egongo ez diren substantziak

Segidan aipatuko ditugun substantziak toxikoak direla frogatua dago. Erraustegiek isurtzen dituzte. Zientzialarion txostenak ohartarazten du, Zubietako erraustegia martxan jartzen bada, hauen emisioa ez dela kontrolpean izango. Eta osasun arazo larriak eragin ditzaketela:

-PBDEak: tumoreak eragin ditzakete, eragin neurotoxikoak dituzte. Ugalketa sistemarako toxikoak dira, fetuaren hazkuntzan garapenaren amaiera baldintzatzen dute, jaioberriaren tamaina txikiagotzen du, eta gibelarentzat toxikoak dira.

-A Bisfenol-a: dioxinen antzera, endokrino disruptore bat da eta PBDE-ak bularreko eta prostatako minbizia, anormaltasunak eragin ditzakete ugalketan. Aldaketa mutagenoak eragiten ditu...

-Hidrogeno zianida: bihotz eta arnasketa sistemaren gelditzea eta gelditze kardiobaskularrak eragin ditzake.

-Hidrogeno bromatua: arnasketa sistema kaltetzen duen gas toxikoa.

-Ftalatoak: bularreko minbizia, ugalkortasun arazoak eta gizonen ugalketa garapenean eragiten du...

-Isozianatoak: minbizia eragin dezakete, ugalkortasun gabezian, fetuaren eta jaioberrien heriotza, anormaltasunak hezurduran...

-"1,3-butadienoa": minbizia sor dezake haurren artean, leuzemia eta minbizia baita, organo hematolinfatikoetan.

-Benzopirenoa: mutazio eta garapenean malformazioak sor ditzakete, baita tumoreak eta minbizia, akatsak jaiotzerakoan, pisu baxua izatea, jaiotze goiztiarrak, atzerapena haurraren garapenean, adimen-koziente baxua,...

-Bentzenoa: leuzemia eragiten du, minbizi hematologikoak, helduen artean "Hodgkin" linfoma...

-Fenola: nerbio sistema kaltetu dezake, tumoreak eragin. Enbriotoxiko eta genotoxikoa da animalientzat, dosi altuetan baita gizakiontzat ere.

-Paper eta plastiko hondakinen nanomaterialen errausteak eragindako PM partikulak: bereziki biriketan eragiten du. Aipatzekoa, burmuinaren hantura eragiten duen titaniozko dioxidoa. Titanio hautsa gainera, kartzinogenoa da.

-Dioxina bromatuak eta dioxina kloratu eta bromatuak: timo izeneko guruin endokrinoaren atrofia eragiten du, ugalketa arazoak... 

Kontrolatuko diren susbtantziak: partikula totalak, karbono organiko totala, azido sulfidrikoa, amoniakoa, usainak; hidrogeno kloruroa, hidrogeno fluoruroa, azufre dioxidoa, nitrogeno monoxidoa, nitrogeno dioxidoa. Kadmioa, talioa, merkurioa, antimonioa, artsenikoa, beruna, kromoa, kobaltoa, kobrea, manganesoa, nikela, banadioa eta hauen guztien osagaiak. Dioxinak eta furanoak, baliokidetasun toxikoaren metodoaren arabera.