GuraSOSek CSIC-ekoen txosten periziala baliatuko du, Ingurumen Baimen Bateratuaren aurkako auzian

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 5a, 13:42

Hitzartu prozesua abiatzeko, CSIC-eko bi zientzialariek, Fernando Palaciosek eta Eduardo Rodriguez Farrék, martxoaren 2an Donostiako Medikuen Elkargoan aurkeztu zuten txosten zientifiko eta perizialak argi utzi du, Eusko Jaurlaritzak Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiari 2016ko apirilean emandako Ingurumen Baimen Bateratuak ez duela herritarron osasuna bermatzen.

Txosten hau, erraustegiak haien seme-alaben osasunean izan dezakeen eraginaz kezkaturiko gurasoek eskatuta egin da, GuraSOSek galdeginda alegia, "inongo ordainsaririk gabe". GuraSOSeko ordezkari eta abokatu Joseba Belaustegik txosten honen aurkezpen ekitaldiaren hasieran iragarri zuenez, aste honetan bertan, "EAEko Justizia Auzitegi Nagusian aurkeztuko du adituen txostena, erraustegiaren Ingurumen Baimen Integratuaren aurkako auzian". 

Aste honetan bertan aurkeztekoak dira auzi horretarako demanda. "Bertan salatzen dugu ingurumen baimenak ez duela bermatzen, beharko lukeen bezala, gure seme-alaben eta gizartearen osasuna". Izatez, baimen honek osasun publikoa bermatu behar lukeela gogorarazi zuen GuraSOS-en ordezkariak. Aldiz, garrantzia handikotzat jo zuen CSIC-eko zientzialarien ikerketak, bestelakorik frogatu ahal izan duela nabarmendu zuen. "Bi zientzialari hauek egin duten ikerketa oso larria da, zeren frogatzen du goitik beherako kontrol hori ez dela existitzen, ez dela egia. Kontroletik kanpo daude hainbat substantzia, osasunerako oso arriskutsuak direnak". 

Erakunde eta herritarren errekurtsoak

2016ko apirilean Eusko Jaurlaritzak Zubietako erraustegiari emandako Ingurumen Baimen Bateratua hizpide izan genuen udaberri hartan. Alegazio epean egon zen tartean, jada iraungita zegoen baimen haren aurkako errekurtsoak aurkezteko deia egin zitzaien herritarrei. 1.038 aurkeztu ziren Usurbilen, 234 Zubietako Herri Batzarrean. Beste ehunka, Gipuzkoako hainbat txokotan.

2017ko ekaina amaieran, erraustegiaren Ingurumen Baimen Bateratuaren aurkako errekurtsoa jarri zuten Hernani, Oiartzun eta Usurbilgo Udalek. Jaurlaritzak aipatu baimena prozedura guztiak urratuta eman zuela berri eman zuten. Iraungita zegoela. "Baliogabea da, ez duelako justifikaziorik eta legez kontrakoa delako. IBBa iraungitzen denean, ezin da gehiago luzatu", salatu zuten.