"Angula ustelak" hitzaldia asteazkenean, erraustegiaren atzean ezkutatzen denaz

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 5a, 11:23

2013ko azaroan erraustegia geratzeagatik apirilaren 12an epaituko dituzte garai hartako Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari Ainhoa Intxaurrandieta eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatu Iñaki Errazkin. Testuinguru honetan, kasu benetan larritzat jotzen dutena ezagutzera eman, jokoan dagoenaz ohartarazi eta epaituak izango direnei babesa adierazteko “Angula ustelak” elkartasun eta hitzaldi bira antolatu du Gipuzkoa Zutik mugimenduak herriz herri. Usurbilgo hitzaldia asteazken honetan, martxoaren 7an izango da, 19:00etan Sutegin. Hitzaldiaren bezperatan, Ainhoa Intxaurrandieta elkarrizketatu dugu.

Martxoaren 7ko hitzaldian erraustegiak irudikatzen eta atzean ezkutatzen duen horretaz guztiaz ariko zarela esan daiteke?

Ainhoa Intxaurrandieta: Bai, hori da. Erraustegia ez da hondakinak tratatzeko azpiegitura soil bat, erraustegiaren atzetik negozio borobila dago eta hori da nik mahai gainean jarri nahi dudana. Lege eta arau hausteak agerian utzi nahi ditut.

“Angula ustelak” izenburuak, solasaldian ustelkeria sarritan aipatuko den hitza dela iradoki nahi du? 

Angula ustelak izenburuarekin, aurreko erraustegiko pasarte "ilun" edo behintzat ez oso txukuna gogora ekarri nahi izan dugu. Gipuzkoarroi, milioika eurotako galerak ekarri dizkigun SWAP famatuak sinatu ondoren, nola diru publikoaz, banketxeetako ordezkariak gonbidatu zituzten angulak jatera hain zuzen ere. Horrelako kalteak dakarkigun produktu toxiko bat sinatu eta gainera diru publikoaz ospatzea angulak jaten, hamarkadetan gauzak egin diren inpunitatea besterik ez du agerian jartzen.

Milaka gipuzkoarrek hamarkada luzez eskatutakoa betetzeagatik, erraustegia geratzeagatik epaituak izango zarete zu eta Iñaki Errazkin apirilaren 12an. Erraustegia geratu zuen GHK-ren, Aldundiaren eta enpresa eraikitzaileen 2013ko azaroko erabaki eta akordio historiko hartatik ezer aldatuko zenuke orain? 

Ez. Ez nuke ezertxo ere aldatuko. Azpiegitura kutsakorrak eta osasunarentzat kaltegarriak direnean, tentu haundiz ibili behar da haiekin, baina gainera kasu honetan, erraustegia eraikitzen hasi aurretik, ekonomikoki defizitarioa izango zela ere bagenekien. Eta ez guk bakarrik. Enpresekin kontratua sinatu baino urtebete lehenago, erraustegia gaindimentsionatua zegoela bazekiten kontratua sinatu zuten politikariek. Uste dut ardura kontua dela. Diru publikoarekin arduraz jokatu behar da eta ezin daitezke orain arte egin diren astakeriak egin. Ezin daiteke horrelako azpiegitura bat eraiki, defizitarioa bada eraikitzen hasi aurretik. Juridikoki gainera, gauzak primeran egin genituen, berme juridiko guztiak genituen kontratua apurtzeko eta hori egin genuen. Auzia erabat politikoa da. EAJ-PSE osatzen duten GHKk, Madrileko Kontu Epaitegira bideratu du gure salaketa. Han, Margarita Mariscal de Gante, Aznar Presidente zeneko Justizia ministroa dugu gure kausaren instruktorea. EAJ- PSE- PP koalizioa  dugu jokoan beraz, eta beste muturrean EHBilduko bi ordezkari. Oraindik sinetsi dezakegu auzia juridikoa dela?

Herriz herri eskaintzen ari zareten hitzaldi ziklo hau, elkartasun bira ere bada. Zer moduz zaudete? Babestuak sentitzen ari zarete epaiketa honen atarian?

Bai, ni oso babestua sentitzen naiz. Ondo egin genuen eta herritarrek badakite hori. Ikustekoa da hitzaldietan jendeak zer nolako babesa adierazten digun. Gazte ugari dator hitzaldietara eta gertatutakoaz jabetzean, laguntzeko prest daudela adierazten dute.  Ni indartsu nago. Oraindik ikusteko dago zer gertatuko den. Hala ere, ez da erraza etorkizuna irudikatzea horrelako zama bat aurrean duzunean, baina oso pertsona baikorra naiz eta gerta daitekeen okerrena gertatuta ere, aurrera egingo dugu eta kitto. Gauzak ondo egin zirenaren konbentzimendua dugu eta horrek harrotzen gaitu. Madrileko PPko epaile batek ez du hau aldatuko.

Zuen epaiketarekin zure ustez ze mezu helarazi nahi zaigu herritarroi?

Hori da guzti honetan kezkagarriena. Guri gerta dakigukena baino, hemendik aurrera zer gerta daitekeen iruditzen zait beldurgarriena. Mezu bat helarazi nahi digute herritarroi: Gure negozioak ez ukitu. Lobby/ enpresa/ elite ekonomikoak daude horrelako azpiegituren atzetik eta hori da eman nahi diguten mezua, haientzat "estrategikoak" diren azpiegiturak ezin direla ukitu. Salaketa honekin, ukitu ezin bilakatu nahi dituzte aurrerantzean. Politika egiteko beste modu batzuk badaude, diru publikoa tentuz kudeatzeko agindua aintzat hartzen dutenak eta horrek elite ekonomikoak etekin milioidunak izatearekin kontrajarria dago. "Estrategikoak" diren azpiegiturak, AHT, Metro donostialdea, Lezoko Intermodala,... guztiak dira elite horrentzako "estrategikoak". Argi dagoen gauza bakarra da, diru publikoa poltsiko pribatuetara bideratzeko estrategia jarraitzen duten azpiegiturak direla. Berdin dio, ondorioz, ingurumena edo/eta osasuna kaltetzea. Helburu bakarra, multinazional hauek urte amaieran, urtero urtero, etekinak haunditzea da gu guztion kontura. Proiektu horiek dira hain zuzen ere, ukitu ezin bilakatu nahi dituztenak. Herritarron eskuak lotu nahi dizkigute. Negozioak ez ukitu, esan nahi digute. Kezkagarria benetan!

Zuen aurkako epaiketa, erraustegiko lanen azken txanpa, 2019ko hauteskundeak… Argi denez, hilabete mugituak datozkigu. Asko dugu jokoan ezta?

Bai noski. Azken txanpa honetan azeleragailua sakatu dute. Argi dago, oraingo honetan ere, aurrekoan bezala, erraustegiarekin ez direla gauzak behar bezala egiten ari. Legea urratuz edo saihestuz egiten ari dira kontratazioak, obrak etab. eta aurreko legealdian bezala, eztabaida beste gune batetara eraman nahi dute. Hau ezkutatzen dute beste mota batetako albisteak sortuz. Gure kontrako salaketa, gu epaitegietara sartzen,... azkenean, benetako arazoa zein den eztabaidatu ordez, beraien mesede diren eztabaidetara eraman nahi dute. Argi izan behar dugu hori eta eztabaida, behar den terminoetan kokatu behar dugu. Hasteko, herri gehienek Gipuzkoan argi utzi dute, ondo egin daitezkeela gauzak nahi izanez gero. Zergatik ordea, gaizki egin eta mila milioi eurotik gorako azpiegitura bat eraiki? 

Erraustegia geratzea lortu zen 2013ko azaroan. Milaka gipuzkoarren eskakizunei kasu eginez, berriz geratu daitekeela uste duzu?

Herritarrek nahi badute bai.  Erabakiak herritarron esku utzi behar dira. Horretarako herritarrak enpoderatu egin behar gara, horrela, gure etorkizuna, ingurumena, osasuna, ekonomia,.. guk erabakitako moduan gauza ditzakegu. Honetan ere erabakitzeko eskubidea gauzatu behar da.

Besterik aipatu nahi zenuke?

Bai, batetik, gauzak beste modu batetara egin daitezkeela sinesten dugunok, guztiok, bakoitzak bere neurrian, norabide horretan pausuak eman behar ditugula esan nahi dut. Batzuk txingurri pausuak emango ditugu, beste batzuk pauso haundiagoak, baina guztion lanarekin, gure etorkizunerako garrantzitsuak izango diren erabakiak gure esku izatea lortu behar dugu. Gure poltsikoak, ingurumena eta osasuna ez ditugu enpresen etekinen esku utzi behar. Guztion lanarekin egin daitekeela erakutsi genuen, beraz, guztion lanarekin, egingarria da. Egin dezagun bada! Bestetik, eta oso garrantzitsua ere, elkartasun mezuak eskertzea. Mila mila esker guztioi!

Irudiak: Gipuzkoa Zutik.