Zumarte Musika Eskolaren egoitza, Villa Pilar eraikina birgaitu eta handitzeko bi erabaki garrantzitsu hartu ditu udalbatzak aho batez, astelehen honetan egin duten ezohiko osoko bilkuran. Batetik, "Zumarte Musika Eskolaren birgaitze ekologikoa eta handitze Exekuzio Proiektua onartzea, udal teknikariek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ezarritako baldintzekin".
Proiektua OS3 Arkitektura Taldeak landu du. Gaurko ezohiko osoko bilkuran aipatzen zutenez, ibilbide luze bat jorratu du proiektuaren lanketak. Lanketa horrek berriz bidelagun ugari izan ditu; udal ordezkariak, teknikariak, Zumarte Musika Eskolako arduradun eta erabiltzaileak, Orbeldi Dantza Taldekoenak eta arkitekoena noski. Haien guztien ekarpenekin osatu da proiektua. Zehaztasun maila handikoa dela nabarmentzen zuten osoko bilkuran, zorroztasun handiko azterketa batetik datorrena, oinarri sendo bat ezarri duela. "Mimo handiz egindako lana" dela zioten udal gobernu taldetik.
Aho batez onartu dute baita, "prozedura ireki eta ohikoaren bitartez Zumarte Musika Eskola birgaitu eta handitzeko obra kontratua esleitzeko kontratazio espedientea" eta horrekin batera, "aipatu kontratua gauzatzeko, jarduteko eta esleipenerako oinarri bezala erabiliko diren Administrazio Baldintza Zehatzen Orriei eta Preskripzio Teknikoen orriak".
Eraikina birgaitu eta handituta, orain arte zituen irisgarritasun arazoak konpondu nahi dira. Hauxe izan da hain zuzen, gauzatzera doazen proiektua sustatzeko argudio nagusietako bat. Birgaitze ekologikoa izango da. Musika eskolak dituen beharrei erantzungo die espazio eraberritu eta zabalagoak. Eta aukera izanez gero, ez da baztertzen, Orbeldi Dantza Taldeak bertan haien jardunerako espazio propioa izatea ere.
DATUAK
Aurrekontua: 1.998.998,78 euro (BEZ barne).
Exekuzio epea: 12 hilabete.
Finantziazioa: 10 urteetan ordaindu beharreko Kutxabank-en mailegua.
Hurrengo urratsak:
-Zumarteren birgaitze eta handitze lanen obra kontratuaren esleipen deialdira eskaintzak aurkezteko 29 egun naturaleko epea izango dute interesdunek, erabakiaren iragarkia argitaratu ostean.
-Apirilean Kontratazio Mahaiak deialdira aurkeztutako proposamenak bildu eta aztertzeari ekitea aurreikusten da.
-Maiatzean esleitu daiteke Zumarte birgaitu eta handitzeko obra kontratua.
-Gero, 12 hilabetez luzatuko dira lanak.