Greba feministarekiko atxikimenduak ugaritzen doaz Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 6a, 11:52

2 egun baino ez dira geratzen, nazioarte mailako greba feministarako. Gurean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak emakumeak planto egitera deitu ditu ostegunean, Martxoaren 8an. Usurbilen aurrekaririk ez duen grebarekiko atxikimenduak ugaritzen doaz.

Usurbilgo Udala

Aurreko astean berri eman genizuen moduan, emakumezko udal langileek eginiko batzarrean, greba feministarekin bat egin eta honenbestez ostegunerako iragarri diren lan uzteekin bat egitea erabaki dute. Udal zerbitzuetan ikusgarri egingo dute honenbestez, Emakumeen Egunerako deitu den greba. Usurbilgo Udaleko udalbatzak ere, otsailaren 27an eginiko osoko bilkuran aho batez onartutako mozioaren bidez, bat egin zuen Martxoaren 8ko greba feministarekin.

Udalak ohartarazi duenez, grebak ohiko jarduna baldintzatuko du eta "hainbat zerbitzutan murrizketak izango dira":

- Haur eskola: langile guztiek planto egingo dute, eta, ondorioz, haur eskola 11:00etatik 15:00etara itxita egongo da.

- Kiroldegia: 18:00etatik aurrera igerilekua itxita egongo da (soilik Antxoen ikastaroa emango da), eta arratsaldeko spinning ikastarorik ere ez da izango.

- Oinarrizko lanbide heziketa: 11:00etatik aurrera lanuztea egingo dute irakasleek.

- Liburutegia: bertako langileek arratsaldez egingo dute lanuztea, eta, horrenbestez, 17:30etatik aurrera liburutegia itxita egongo da.

- Artzabal zahar egoitza: langileek hala erabakita, egun osoan itxiko dituzte taberna eta jatetxea.

Gainerako zerbitzuak bere horretan mantenduko dira, hala nola erregistroa, eguneko zentroa, eguneko arreta, etxez etxeko zerbitzua eta taxi busa.

Udarregi Ikastola

Udarregi Ikastolak ere bat egin du Martxoaren 8rako deitua dagoen greba feministarekin. Lau orduko lan uztea iragarri du. Joan den otsailaren 26an, Ikastolako langileen batzarrak ostegun honetako plantoa babestea erabaki zuten. Lau orduko lan uztea egingo dute. “11:00etatik 15:00era ikastolako emakumezkook egingo dugun plantoa aurrera ateratzeko eta klase egun arrunt bateko antolaketa ezinezkoa izango denez, zaintza gisa antolatu da 11:00-15:00 tramua”, ohartarazi dute ikastolatik.

"Ikasleen zaintza eta langileen banaketa ahalik eta modurik egokienean antolatzeko", udarregi.eus atarian zintzilikatu duten galdetegi laburra bete eta ahal bezain laster ikastolara helaraztea eskatu dute. 

Honako eragina izango du lan uzteak, zikloka:

-Haur Eskola: langile guztiek greba egingo dutenez, itxita egongo da 11:00-15:00 artean.

-HH, LH, DBH: 11:00-15:00 artean 17 langile egongo dira eta etapa guztietako ikasleen kargu egingo dira maila ezberdinetan banatuta. 

-Garraioa: 12:30etako 14:30etako zerbitzuak ikastolako bi langilerekin burutuko dira.

-Jangela: 3 begirale gutxiagorekin eskainiko da zerbitzua.

Informazio gehiago: udarregi.eus

NOAUA!

NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan ere nabariko da osteguneko greba feminista. Egoitzan egunerokoan lanean diharduten emakumezko langileek sindikatuek eginiko deialdiari jarraiki, planto egingo dute Martxoaren 8an.

Gaztelekua

Martxoaren 8a Gaztelekuan ere nabarmenduko dute. DBH 2 eta 3 mailetako neskekin ospatu nahi dute Emakumeen Eguna, ostegun arratsaldez. Honakoa da prestatu duten plana, 16:30-18:30 artean: "mural bat margotu, pankarta bat idatzi, musika eta zapia buruan. Eta indarrarekin sentitzen bagara kalejira egingo dugu frontoira", iragarri dute. 

Gaztelekutik aditzera eman dutenez, "lehenengo aldia da adin desberdinetako neskei deialdia egiten diogula. Talde lana egin behar dugu eta hausnarketa lana ere, estetikan bakarrik ez geratzeko". Gonbita luzatzen diete beraz neskei, ostegunean Gaztelekura bertaratu daitezen. "M8 zuekin ospatu nahi dugu!". Gaztelekutik helarazi diguten ondoko irudian ikus dezakezuen moduan, Martxoaren 8ko ekimenak prestatzen hasiak dira.