"Angula ustelak" hitzaldia 19:00etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 7a, 06:00

2013. urteko azaroan ateratako ondoko argazkiak irudikatu zuenagatik apirilaren 12an epaituko dituzte, irudi horren albo banatan ageri diren bi lagunak; Ainhoa Intxaurrandieta, 2011-15 legegintzaldian Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari izandakoa eta Iñaki Errazkin, legegintzaldi berean Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatu ohia.

Argazki horrek, Zubietako erraustegiko lanak gelditzeko GHK-k, Aldundiak eta enpresa eraikitzaileek 2013ko azaroan adostu zuten akordio historikoa irudikatzen du. Urte luzez milaka gipuzkoarrek eskatutakoa betetzeagatik, erraustegia geratzeagatik apirilaren 12an epaituko dituzte Madrilen, Errazkin eta Intxaurrandieta. Gipuzkoa Zutik mugimendutik gogorarazi dutenez, "guztiontzat ekonomikoki kaltegarria eta Donostialdeko milaka herritarren osasunarentzat arrisku garbia den erraustegia gelditzeagatik". Ondasun pertsonaletatik 100 milioi eurotik gora eskatzen zaizkie.

"Kasu benetan larria da, Euskal Herri osoan jendea ohartarazi nahi dugu jokoan dagoenaz", dio Gipuzkoa Zutik mugimenduak. Testuinguru honetan, "Angula ustelak, zer gertatzen da Euskal Erregimenari aurre egiten badiozu?" hitzaldi bira antolatu du Gipuzkoa Zutik mugimenduak hilabeotarako herriz herri. Hitzaldi bira horren baitan bi geldialdi egingo dituzte ingurotan:

-Martxoak 7, asteazkena 19:00etan Usurbilgo Sutegiko auditorioan.

-Maiatzak 17, Zubietako Kaxkapen.

"Ustelkeriari lotutako hamaika gertakizun ezagutuko ditugu"

Solasaldiok helburu argia dute; "Herritarrak gertatzen ari denaren gainean informatzea da lehen helburua. Herriz herri gogoeta eta eztabaida egitea ere bai, erakunde publikoetan politika egiteko moduez, gaur egun bizi dugun egoeraz". Iragarri dutenez, erraustegiaren gertaera zehatzetan oinarrituta, "Euskal Erregimenak nola funtzionatzen duen" ikusteko aukera izango da.

"Ustelkeriari lotutako hamaika gertakizun ezagutuko ditugu: Lapurtutako ordenagailuaren eta suntsitutako dokumentazioaren kasuak, bankuekin eginiko tratu absurdua, enpresen txostenak idatzi zituzten funtzionarioen kasua, beharrezkoa ez den gastu publikoa justifikatzeko gaindimentsionatutako datuak... Diru publikoa betikoen esku pribatuetara pasatzeko mafiaren jokamoldea da. Erabat onartezina demokrazia batean", Gipuzkoa Zutik mugimendutik nabarmentzen dutenez.

"Gaur egun inoiz baino indartsuago eta gupidagabeago agintean dagoen Euskal Erregimenaren politika nolakoa den oso errepresentatiboa da Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinen kasua. Irailean epaituko dituzte Gipuzkoar guztiontzat ekonomikoki kaltegarria eta Donostialdeko milaka herritarren osasunarentzat arrisku garbia den erraustegia gelditzeagatik. Ondasun pertsonaletatik 100.000.000 (ehun milioi euro) eskatzen dizkiete. Erabat onartezina".

"Guk ere egingo genuke"

Egoera honen aurrean, hilabeteotarako iragarri duten bira, Intxaurrandietari eta Errazkini babesa adierazteko ere baliatu nahi dute, "herritarron osasunaren eta diru publikoaren defentsan hartu zutelako erraustegia gelditzeko erabakia. Ez gaituzue beldurtuko. Guk ere egingo genuke. Herritarron interesak defendatzen dituztenak horrela zigortzen saiatzea ez dugu onartzen". Epaiketarekin aurrera jarraitzen badute mobilizazioak deituko dituzte. "Gure ustez epaitu beharreko bakarrak, Euskal Erregimenaren ustelkeria eta mafia jokabidea dira. Epaiketarekin aurrera jarraitzen badute,  epaiketa hori herritarron interes orokorren aurka ari diren politikariak kalean epaitzeko baliatzeko asmo osoa daukagu".

Epaiketa, mugarri "oso arriskutsua"

Mugarritzat jotzen dute epaiketa hau, "eta Intxaurrandieta eta Errazkin zigortzen badituzte, mugarri oso arriskutsua jarriko dutela ulertzen dugu. Aurrerantzean edozein proiektu gelditzen saiatuko denak, aurrekari honen itzal izugarria izango du gainean".

Epaiketa honekin, Gipuzkoa Zutik mugimendutik diotenez bidaltzen ari diren mezua zera da, "ezin dela erregimenaren eredua zalantzan jarri. Beste eredu bat nahi duten herritarrek hauteskundeak irabaztea lortzen badute ere, eta milaka milioiko zorra dakarten proiektuak alferrikakoak direla frogatzen badute ere, negozio horiek ezin dira ukitu. Bestela zureak egin du".Bistan denez, "auzi honek Gipuzkoa eta hondakinen gaia gainditzen ditu erabat. Ulertzen dugu beste edozein lurraldetan, beste edozein proiektu estrategiko gelditu izan balitz, berdin-berdin egingo lukeela erregimenak: betikoei negozioa ukitu dietenak zigortzen saiatu, modu pertsonalean eraso eginda".