Merkataritza-gune handien sektorea arautu arte, proiektu berriak ez baimentzea eskatu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 7a, 10:12

Hondarribia eta Usurbil tartean nabaria da azken aldian zenbat merkataritza gune eraiki dituzten edo daudenak handitzeko zenbat proiektu abian dauden. “Gutxi gorabeherako estimazioa eginda, esan daiteke horiek gauzatuz gero beste 155.000 metro karratu gehiago okupatuko liratekeela merkataritza-gune handietarako. Donostialdea, de facto, korridore komertzial handi bat bihurtuko litzateke”, dio aurreko asteko osoko bilkuran udalbatzak onartu zuen mozioak.

Neurri berekoa da gai honekiko udal gobernu taldeak agertu duen kezka. EHBilduk mozio gisa eraman zuen mertataritza-guneen ugaritze eta handitzea, otsailaren 27an egin zuten osoko bilkurara hain zuzen. Proiektu berri guztion presakako tramitazioez ohartarazi zuten; “desegonkortzea ekarri dute”. Horregatik, beharrezkotzat jotzen dute “sektorea erregulatzea, udalez gaindiko planifikazioa eta neurriz kanpoko handitze-eskaera horiei muga jartzea. Inoiz baino beharrezkoagoa da merkataritza-, kontsumo- eta bizi-ohiturak zaintzea, eta gure herrietako izaera, erro sakonak dituena, babestea”.

Ekarpenak Jaurlaritzaren planeamenduari

Zentzu horretan, “Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak aurkeztua duen merkataritza-gune handien antolamenduari buruzko aurrerakinaren azterketa berrikuspena egingo du Usurbilgo Udalak”. Hala iragartzen du, otsailaren 27ko osoko bilkuran udalbatzak gehiengo osoz, EHBilduren eta PSEren babesarekin eta EAJ-ren udal ordezkarien aurkako bozkekin, onartu zen mozioak. Dokumentu horri ekarpenak egin asmo dizkio Udalak, “sektorearen gaindimentsionatzea geldiarazteko eta merkataritza-eskaintza ez desorekatzeko”.

Plan hau behin betiko onartu artean, Jaurlaritzaren aipatu sailari eskatzen dio, “ez ditzala baimendu tramitazio-bidean dauden eskaerak. Izan ere, sektorea erregulatzeko prozedura martxan dagoen bitartean, guztiz kaltegarria da ekimen berriei bide ematea”. Usurbilgo eremura etorrita, Udala Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) lanketa betean da. “Merkataritza-guneei buruzko lanketa aipatutako irizpideekin modu koherentean garatuko du”, dio udalbatzak onarturiko mozioak.