Joan den abenduaren 26an Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren Batzar Orokorrak 2018rako onarturiko tarifen aurka egingo du Usurbilgo Udalak. Ebazpen haren aurkako administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztuko du, udalaren interes eta eskubideentzat kaltegarritzat jotzen baita. Erabakia dekretu bidez jada hartua izan arren, udalbatzak berrestea komenigarria ikusten zuten eta otsailaren 27ko osoko bilkurara eraman zuen gaia udal gobernu taldeak.
EHBilduren udal ordezkarien babesarekin berretsi zuten erabakia. PSE eta EAJ-ren udal ordezkariak aurka agertu ziren. Udala auzi honetan defendatzeko abokatua izendatu dute baita.
GHK-k onarturiko tarifok kalkulatzeko modua ez legezkotzat jotzen du EHBilduk. “Sekulako kaltea egiten digute, lanak ondo egiten ditugunoi”, nabarmentzen zuten udal gobernu taldetik joan den asteko osoko bilkuran. Biohondakinen zenbatekoa errefusaren tarifaren arabera kalkulatzen du Kontsortzioak, “eta, ondorioz, irizpide horrek zigortu egiten du biohondakina murriztu eta gaika gehien biltzen duena”.
Mankomunitatean dagoen bi ereduren arteko talka nabarmentzen dute, gaikako bilketa zirkularraren eta Zubieta gainean eraikitzen ari diren erraustegiaren artekoa hain zuzen.
“Beste biderik ez dugu”
EAJ tarifok errekurritzearen aurka agertu zen. “Ez dago Usurbil bakarrik, bertan erabakitzen dena onartu beharrekoa da”, zioen Josune Urkola bozeramaileak. Ildo beretik mintzatu zen PSE-ren udal ordezkaria ere. “Guk ez dugu zer ikusirik”, GHK-rekin. Udal gobernu taldetik gogorarazi zuten moduan ordea, Udala San Marko Mankomunitateko kidea da eta San Marko GHK-rena.
Auzibidera jo aurretik, gaia mahai gainean jarri dutela nabarmendu zuen Udalak. Hainbatetan bilerak egin eta ahaleginak egin arren, EHBildutik ziotenez, “eztabaida horri muzin egin zaio San Markon” eta baita GHK-n.
“Erraustegiari bazka eman behar zaio” zioten EHBildutik azken plenoan. “Erraustegi hori finantzatu behar da”, proiektu hau “ordainarazi nahi zaigu” eta hondakinak egoki kudeatzeagatik saritu beharrean zigortu.
Ez da halako erabaki bat hartzen duten lehen aldia, azken urteotako tarifak auzibidean errekurritu izan ditu Udalak. Testuinguru honetan argi zioten, azken urteotan egin izan duten moduan, 2018ko GHK-ren tarifak ere auzitara eramatea “beste biderik ez dugu”.