Deialdia udaletxeko emakumezko langileek egin dute, baina mobilizaziorako gonbita irekia da. Planto egingo duten emakumeen elkargunea izan nahi du, greba feminista egun honetan, goizeko 11:00etatik aurrera udaletxe atarian egingo den elkarretaratzea. Mobilizaziorako hitzordua finkatzerakoan, aintzakotzat hartu dituzte gaurko gainerako deialdiak. Hiriburuetan antolatu direnak hain zuzen, 12:00etan eta 20:00etan.
Otsaila amaieran egin zuten batzarrean, greba feministarekin bat egitea erabaki zuten emakumezko udal langileek. Horrekin batera, otsailaren 27ko osoko bilkuran EHBilduk aurkeztu eta udalbatza osoak babestu zuen mozioaren bidez, Udalak bat egin du baita Martxoaren 8ko greba egun honekin.
Emakumeak grebarekin bat egitera deitzen dituzte
Euskal Herriko mugimendu feministak martxoaren 8rako deitu duen greba feministarekin bat egin du, otsailaren 27ko osoko bilkuran EHBilduk aurkeztu eta udalbatza osoak babestu zuen mozioaren bidez. "Martxoaren 8rako mugimendu feministak eta gehiengo sindikalak deitu duten grebarekin bat egitea, eta herriko emakumeak deitzea, greba deialdiarekin bat egitera, eta herritarrak bere osotasunean deitzen ditu antolatuko diren mobilizazio nagusietan parte hartzera", dio udalbatzak aho batez onarturiko mozioak.
Argi dio, emakumeak mendean hartu eta zapaltzen dituen sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala salatzea helburu du ostegun honetarako deitua dagoen greba feministak. Ezinbestekotzat jotzen da "emakumeok antolatzea eta sistema borrokatzea, eta pertsonak erdigunean jarriko dituen beste sistema sozioekonomiko baten alde egitea. Horretarako, ezinbestekoa da euskal herritarrok erabakitze eskubidea izatea, politika publiko guztietan genero-berdintasuna bermatzeko".
Mozioak emakumeek pairatzen dituzten bazterkeria egoerak salatzen ditu, hainbat zifra eta ehuneko esanguratsuen bidez. Euskal emakumeak nabarmendu nahi ditu testuak. “Ostalaritza edo merkataritzaren zerbitzuetan lan egiten duten emakumeak, nagusiki prekarizatutako alorrak baitira; aniztasun funtzionala duten emakumeak; preso dauden emakumeak; bizi osorako prekarietatera bultzatuak izaten ari diren emakume gazteak; bisexual, trans eta sexu, genero zein beste disidentzietakoak…”.
Segidan duzue, Udalak onartua duen mozioa bere osotasunean.
MARTXOAREN 8ARI LOTUTAKO DEIALDIAK
Martxoak 8, osteguna
11:00-15:00 / 18:00-22:00 Euskal gehiengo sindikalak (LAB, ELA, Steilas, ESK, Hiru eta EHNE) deitutako lan uzteak.
11:00 Mobilizazioa Usurbilgo udaletxe atarian.
12:00/20:00 Mobilizazioak hiriburuetan (Donostiakoak Bulebarretik).
Informazio gehiago:
Twitter: @m8EuskalHerria
Facebook: M8EuskalHerria
Deitzailea: Euskal Herriko Mugimendu Feminista.