“Eta planto egingo bagenu? Eta egiten dugun guztia egingo ez bagenu?” martxoaren 8 honetan ikusiko dugula dio Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Iaz 70 herrialdeek baino gehiagok egin bezala, gaurko mundu mailako greba feministarekin bat egin eta emakumeak planto egitera deitzen dituzte, “menpean hartzen eta zapaltzen gaituen sistema kapitalista, arrazista, eta heteropatriarkala salatzeko”.
Lan esparrua, politika, bizitza eta ekonomia zeharkatzen dituen defentsarako greba soilik ez, mugimendu feministatik iragarri dutenez, “eredu osoa aldatuko duen proposamen politikoekin aterako gara kalera!”. Datorren martxoaren 8a, bide luze baten abiapuntua izatea nahi dute. “Bide horretan, aliantza berriak ehunduko ditugu, bateratuz eta elkar ezagutuz, gure borrokak berriz pentsatuz, erresistentzia berriak eraikiz, eta baztertzen gaituen mundutik askatuz, betiere alternatiba feminista bat sortzeko helburuarekin”.
Greba egiteko hamaika arrazoi aipatzen ditu mugimendu feministak, zer eraldatua badago eta: egungo gizarte eta ekonomia eredua berraztertzeko, sexuaren araberako lan banaketa suntsitzeko, erabakitzeko eremuetan berdintasunez parte hartzeko, baldintza ezberdinetan askotarikoak garela aitortzeko, indarkeriatik libre egongo den bizitza izateko…
Hamaika arrazoi eta hamaika modu aipatzen dituzte deitzaileek, gaurko greba feministarekin bat egiteko.
Greba feministarako manifestua
Emakumeek nola bat egin dezakete grebarekin?
-Lantoki eta ikasgeletan lan uzteetara batuz.
-Herri eta hirietako mobilizazioetan parte hartuz.
-Zaintza lanak azaleratzeko amantala (edota beste edozein tresna) balkoitik eskegiz.
-Besoko morea jantziz.
-Zaintzeari utziz, “lan hori beste emakumeen esku utzi gabe, besteek egin dezatela!”.
-Greba zabalduz eta zure eskualdean antolaketan parte hartuz.
-Merkatuan kontsumitzeari utziz, “batez ere langileen esplotazioaren ikur diren enpresa handietan, objektutzat hartzen gaituztenak”.
Gizonezkoa izan eta Martxoaren 8ako geldialdiarekin bat egin nahi duenak, ekarpenok egin ditzake:
-Aita bazara zure seme-alabetaz arduratu.
-Laguna bazara, zure lagunen umeak zaindu.
-Laneko laguna bazara, zure burua emakume langileen lana egiteko eskaini.
-Laneko nagusia bazara, zure enpresan lan egiten duten emakumeei elkartasuna adierazi eta arazoak saihestu.
-Eskolako kidea bazara, eskolara joan behar ez duten kideak eta haien lanuztea babestu.
-Irakaslea bazara, martxoaren 8an zerrendarik ez pasatu.
-Langilea bazara, atera zaitez kalera "bizitzaren" alde.
-Familian zaintza beharrik izanez gero, hasi ohituraz emakumeok betetzen dugun lanotan pausuak ematen.
-Emakume batekin sexu-harreman erlaziorik baduzu, martxoak 8an kalean egoten lagundu.
-Komunikabideetan lan egiten baduzu, zure esku dagoen guztia egin emakumeek eman dezaten egun horretako berriak.
-Mugimendu feministako gizon militantea bazara, zabaldu mezua.
-Martxoak 8ko kontzentraziora bazoaz ez eman ordenarik eta ez zuzendu manifestazioa.
Saltokiei proposamena
Grebari babesa eman nahi izanez gero, hona hemen aukera batzuk:
-Saltokia egun osoa itxita edukitzea.
-Eguneko uneren batean ixtea grebarekin bat egiten denaren seinale; batez ere, mobilizazioak egiten diren bitartean.
-Langile gizonezkoa bazara erraztasunak emaizkiezu emakumezko langileei grebarekin bat egiteko oztoporik izan ez dezaten.
-Edozein kasutan, merkatari elkarteekin harremanetan jartzera bultzatu nahi ditugu merkatariak, greba babeste aldera, proposamen kolektibo propioak egin ditzaten. Horrekin batera, lokaletan “greba feministarekin bat” kartela ipintzeko deia ere egiten diegu.