PSE-ren udal ordezkari Fermin Orue-Echevarriak eraso sexisten aurkako aplikazioa sortzeko proposamena eraman zuen mozio moduan, otsailaren 27ko udalbatzaren osoko ohiko bilkurara. Gainerako udal ordezkari guztien aho bateko babesa jaso zuen. Mozio hau onartuta, "Usurbilgo Udalak konpromisoa hartzen du EUDELekin koordinatuta gure udalerrian sexu-erasoen aurkako aplikazioa (APP) ezartzeko, era horretan sexu-eraso oro denbora errealean salatu ahal izan dadin, eraginkortasun handiagoarekin eta bizkorrago jardun ahal izan dadin, eta, horri esker, horrelako delituak saihestu ahal izan daitezen".
Aplikazioa ezarri aurretik, gai honi buruzko lanketa bideratzea proposatu zuen udal gobernu taldeak, aplikazio hau Usurbilen nola txertatu erabakitzeko. Horretarako EUDEL-ekin batera koordinatu asmo du Udalak.
Aplikazio hau, udalbatzak onarturiko mozioaren arabera, "emakumeek indarkeria matxistari aurrea hartzeko neurri gisa pentsatuta dago, baina lapurretei aurrea hartzeko eta aisia-gauetan neska nerabeen segurtasuna areagotzeko ere balio dezake. Izan ere, neska nerabeek mutilen segurtasun-maila bera izan behar dute kalean ibiltzen direnean".
Aplikazioa "ezarri zenetik, ekimen horrek oso eragin positiboa izan du herritarrengan, eta EUDELera iritsi da, euskal udal guztietan aplika dadin".