#M8 Herritarrak, gaurko greba feministari begira

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 8a, 08:13

Martxoaren 8an emakumeek planto egiteko zabaldu den deialdia Usurbila ere heldu da. Greba feminista egun honen bezperatan, zenbait herritarrekin bildu da NOAUA!. Guztien ahotan, greba honen beharra, eta Martxoaren 8a oraindik aldarrikapen eguna izateko hamaika arrazoi. Usurbilen nahiz Euskal Herrian, aurrekaririk ez duen greba deialdi baten atarian gara.

Aintzane Iribar: “Gizarte osoa ukitzen duen gaia da”

Astebete baino gutxiago falta da Martxoaren 8ko greba feministarako. Eta gaia pil-pilean sumatzen du Aintzane Iribarrek. Hezitzaile eta terapeuta gisa lan egiten du, besteak beste, sorterri ezberdinetako adin txikikoekin. Lankideekin duen foroan galdera eta zalantza ugari planteatzen ari dira asteotan. Zer da emakume izatea? Gizonek ere greba egin behar lukete edo emakumeak lagundu greba egin dezaten? “Eztabaida handia da, bai eremu pertsonal zein profesionalean hausnartzeko”, NOAUA!ri adierazi dionez.

Sorterriaren arabera, martxoaren 8arekiko emakume batek izan dezakeen ikuspuntu ezberdina nabarmentzen du Aintzanek. Jatorri ezberdinetako herritarrekin lan egiten duenez, ikuspuntu guztiok uztartzea ez dela lan erraza izaten dio. “Noraino errespetatu dezaket edo inposatu nire ikuspuntua? Gizartea eraldatzen ari da, geroz eta jatorri ezberdinetako herritar gehiago, ikuspuntu gehiago dago. Nola ez iritsi nirea inposatzera?”.

Pertsona adina emakume izateko modu, pentsaera aldarrikatzen ditu. Eta errealitate anitzon aurrean, jarrera inklusiboa izan beharra. Argi dago, hamaika lan egiteko dago parekidetasunerantz, baina bere esanetan, “batzuetan ahaztu egiten zaigu zer egin den, gure ama eta amonek bizi izan zuten garaian ahal zuten moduan egindakoa errekonozitzea, eta zer egiten ari garen”. Aurrerapausoak eman direla dio, zer hobetua badugula noski, eta bereziki keinu matxista horiengan jarri beharko genukeela arreta. “Interesgarria da norbera esan eta egindakoaz jabetzea, eta horretarako piztuko zaion bonbila hori izatea”.

Berarentzat Martxoaren 8ak zer esan nahi duen galdetu diogu. “Errekonozimendu egun baten gisara hartzen dut, emakume izateagatik harro sentitzeko eguna”. Greba deialdia batu zaio aurten Emakumeen Egunari. Gaia eragiten ari den eztabaida bera aberasgarritzat jotzen du Aintzanek, gogorarazten duenez, “gizarte osoa ukitzen duen gaia da”.

Udal parekidetasun saila: “Jakinmin handia dago”

Martxoaren 8rako deitua dagoen greba feministarekin bat egitear zen Udala, aldizkari hau inprentara bidean zihoala. Astearte arratsalderako deitua zuten osoko bilkuran, udal gobernu taldeak aurkezturiko mozioa onartzekoa zen udalbatza. Mozioak bat egiten du, Euskal Herriko mugimendu feministak astebete barrurako deitua duen greba feministarekin.

Udal parekidetasun sailetik aurrekaririk ez duen deialdi honen baliagarritasuna nabarmentzen dute. “Emakumeok guk hartutako papera betetzen ez badugu, gizarte honetan benetan ikusteko horrek zer eragin duen. Ikus dadin, zer gertatuko den emakumeok benetan planto egiten badugu”, dio Josune Estellak, eremu honen ardura duen udal gobernu taldeko kide eta zinegotziak.

Agerian geratuko diren egoera anitz eta errealitate bidegabeen artean, lan munduan gertatzen ari dena plazaratuko da. Zeintzuk diren emakumeen lan baldintzak, gizonezkoekiko ordainsarietan dagoen aldea,… Sarritan, “lan gaizki ordainduak, errekonozitu gabeak” izaten baitira. Hezkuntza mundua hurbiletik bizi du Josunek. “Ezberdintasun nabariak daude lanpostuetan. Hezkuntzan, ikasleak zenbat eta adinez txikiagoak izan, orduan eta emakume gehiago dira hezitzaileak. Guri ere “dagokigulako” zaintza hori lan munduan”, nabarmentzen du Estellak.

Ez bakarrik lan munduan, baita etxean ere. “Bizitzaren ongizate horretako lan oinarrizkoenak” egiten dituzte emakumeek, Maria Gomez parekidetasun eremuko udal teknikariak nabarmendu digunez. Datu argigarri baten berri eman digu: “Gizarteko lanaren %56a emakumeek egiten dute, baina ordainsaririk gabeko lanaren %74a”. Josunek gaineratu duenez, “badirudi zure etxekoa egiten duzula, baina azkenean gizartea zaintzen ari zara”.

Indarkeriaren aurka eginiko lanketa edota kontsumoan emakumeek duten papera ikustarazteko ere baliatuko da greba egun hau. Finean, emakumeen eskubideei lotutako aldarri guztiak bateratuko ditu planto egiteko hitzorduak. Bezpera hauetan, adierazi digutenez, “jakinmin handia dago”. Pentsa, “sare sozialetan etengabekoa da nola antolatu, zer egin jasotzen duten mezuen mugimendua”.

Parte hartzera animatzen dute udal parekidetasun sailetik, “ikusi eta baloratu dadin benetan gure papera zein den mundu honetan”. Arlo guztietan; etxean, lanean, eskoletan, zaintza lanetan…

Montse Gartzia: “Greba beharrezkoa? Noski baietz”

“XXI. mendean oraindik halako gauzak eskatzen ari al gara?”, gai honek gainditu egiten duela adierazi dio NOAUA!ri Montse Gartziak. Errealitatea ordea duguna dela argi izanik, martxoaren 8rako deitu den greba feministarekin bat egiten du Montsek, “grebarako motiboak badaude” eta.

Arrazoi ugari eta ezberdin aipatu dizkigu adibide gisa. “Boterean, enpresa handienetan apenas dagoen emakumerik, ez da logikoa”, dio Montsek. Lana eta familia bateragarri egin ahal izatea ere hor dago. Etxeko lanetan, “lagunduko dizut entzuten duzu. Barkatu? Zure etxea ere bada, eta hala delako, etxean ere lan egin behar duzu”. Pentsioduna da Montse, jubilatuak pentsio duinen alde mobilizatu diren egunean bildu ginen berarekin. Kolektibo horretan dauden ageriko desberdintasunak nabarmendu ditu. “Gizonezko bat jubilatzen da, baina emakumea inoiz ez”. Bizi osoan zehar, emakumeek errekonozitua ez dagoen lan mordoa egin beharrean aurkitzen direla aipatzen du, urtetik urtera geroz eta lan gehiago egin beharrean gutxiago kobratuz, edota “soldata errekonozitu gabe”. Hau guztia ikusita, argi dio: “Greba beharrezkoa? Noski baietz!”.

Aroa Etxeburua: “Sekulakoa iruditzen zait munduko biztanleria erdia gelditzea”

Tipi tapa, milaka herritarrek parte hartzen dute urtero emakumeen eskubideen aldeko Donostiako Lilatoian. Tartean hamarnaka usurbildarrek. Igande honetan, martxoaren 4an ospatuko den 29. ediziorako partaideen artean, 70etik gora herritar ikusiko ditugu Emakumeen Egunari lotutako lasterketan korrikan. Baita estreinakoz, partaide berriak ere; tartean, Aroa Etxeburua. Bi lagunekin batera izena eman du. Aspaldiko ilusioa bete duela adierazi dio NOAUA!ri. “Berezia da, emakumeena baita. Oso interesgarria iruditzen zait, sekulakoa, hainbeste emakume batera ikustea, emakumeak izatea protagonistak, lehenengoak helmugara iristen, eta lasterketa txalotzen eta haurren orga eusten gizonezkoak egotea”.

Lilatoia, Martxoaren 8rako deitua dagoen greba feministaren bezperatan ospatuko da. Aroa erabat bat dator planto egiteko deialdiarekin. “Sekulakoa iruditzen zait munduko biztanleria erdia gelditzea. Azken urteetan nabari dut feminismoa indar hartzen ari dela, baina hau, ordago bat da”.

Greba egin nahi izan arren, emakume bat baino gehiago egin ezinean aurkituko da. Kasuotan, gizonezkoen papera nabarmentzen du. “Emakume askok beraien greba egin dezaten, gizonek ere zaintza lanak egin ditzakete, horretan lagundu”.

Ezkutuan dauden errealitate guztiok ikustaraziko dira martxoaren 8an. Baliagarria izango dela irizten dio, “konturatzea ze zailtasun dauden, eguneroko bizitzan zer eragin duen horrek guztiak”. Greba feministarekin bat egitera deitzen ditu emakumeak. “Denak animatzen ditut greba egitera”.

Ana Urdangarin: “Kalera atera behar gara”

Beharrezkoa iruditzen zaio Ana Urdangarini, Euskal Herriko mugimendu feministak deitu bezala, Martxoaren 8an planto egitea. Ezinbestekoa, ezkutuan geratu ohi den errealitatea azaleratzeko. “Emakumeon lana gizartean fisikoki ikustarazteko, zenbaterainoko garrantzia eta eragina duen ikusteko”, adierazi dio NOAUA!ri.

Lan horren guztiaren atzean dagoena kaleratzeko baliagarria izango dela iruditzen zaio usurbildarrari, astebete barru deitua dagoen greba feminista. Eta egun horri begira, ez du zalantzarik. “Kalera atera behar gara. Borroka guztietan bezala, bat egitea, batze hori garrantzitsua izango da bai lantokietan, baita gainerako eremu guztietan ere”, Urdangarinen esanetan.

Hamaika arrazoi daude bere ustez planto egiteko, eta denak norabide berean lerrokatu daitezke. “Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna oraindik ez da erreala”, gogorarazten digu. Eguneroko txikikeria handi horietatik hasita. Etxeko lanak jarri dizkigu adibide gisara. “Mutil lagunak etxean laguntzen duela esaten da. Kontua ez da laguntzea. Berak etxean egin behar duena egiten du, emakumeak egiten duen moduan”, nabarmendu du Anak.

Halere aurrerapauso nabarmenak eman dira eta ematen ari dira bere ustez. “Geroz eta gizon gehiago daude bat eginda, berdintasunaren bidean, beste pentsaera batekin”, dio. Baina noski, gogorarazten digunez, “zoritxarrez eremu askotan asko dago egiteke oraindik. Lehendik datozkigun oztopoak bueltaka ditugu, klixe oso potenteak”.

Martxoaren 8ko aldarriak egunerokoan presente izan beharko genukeela ohartarazita, egun seinalatua izaten da berarentzat eta ingurukoentzat. Urte askotan, neska taldea biltzen zuten eguna gogorarazteko. Grebara doaz aurten. “Oso ondo ateratzea espero dugu”.