Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8rako deitutako greba feministarekin bat egin du baita euskal gehiengo sindikalak. ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek lau orduko lan uzteak deitu dituzte gaurko, 11:00-15:00 artean, eta 18:00-22:00 artean. UGT eta CCOO sindikatuek aldiz, bi ordukoak, 11:30-13:30 artean eta 16:00-18:00 artean. Greba deialdi honen aurrean, gutxieneko zerbitzuak finkatu ditu Eusko Jaurlaritzak. Usurbilen, greba feministarekin bat egin dute eragile, ikastetxe edota erakunde ezberdinek. Segidan dituzue xehetasunak:
Udal zerbitzuak
Hainbat zerbitzuetan murrizketak iragarri ditu, greba feministarekin bat egin duen Usurbilgo Udalak:
- Haur eskola: langile guztiek planto egingo dute, eta, ondorioz, haur eskola 11:00etatik 15:00etara itxita egongo da.
- Kiroldegia: 18:00etatik aurrera igerilekua itxita egongo da (soilik Antxoen ikastaroa emango da), eta arratsaldeko spinning ikastarorik ere ez da izango.
- Oinarrizko lanbide heziketa: 11:00etatik aurrera lanuztea egingo dute irakasleek.
- Liburutegia: bertako langileek arratsaldez egingo dute lanuztea, eta, horrenbestez, 17:30etatik aurrera liburutegia itxita egongo da.
- Artzabal zahar egoitza: langileek hala erabakita, egun osoan itxiko dituzte taberna eta jatetxea.
Gainerako zerbitzuak bere horretan mantenduko dira, hala nola erregistroa, eguneko zentroa, eguneko arreta, etxez etxeko zerbitzua eta taxi busa.
Ikastetxeak
Euskal gehiengo sindikalak eginiko deialdiarekin bat eginez, 11:00-15:00 artean, lan uztearekin bat egingo dute ikastetxeetan. Udarregi Ikastolaren kasuan, joan den otsailaren 26an, Ikastolako langileen batzarrak ostegun honetako plantoa babestea erabaki zuten. Lau orduko lan uztea egingo dute. “11:00etatik 15:00era ikastolako emakumezkook egingo dugun plantoa aurrera ateratzeko eta klase egun arrunt bateko antolaketa ezinezkoa izango denez, zaintza gisa antolatu da 11:00-15:00 tramua”, ohartarazi dute ikastolatik.
"Ikasleen zaintza eta langileen banaketa ahalik eta modurik egokienean antolatzeko", udarregi.eus atarian zintzilikatu duten galdetegi laburra bete eta ahal bezain laster ikastolara helaraztea eskatu dute.
Honako eragina izango du lan uzteak, zikloka:
-Haur Eskola: langile guztiek greba egingo dutenez, itxita egongo da 11:00-15:00 artean.
-HH, LH, DBH: 11:00-15:00 artean 17 langile egongo dira eta etapa guztietako ikasleen kargu egingo dira maila ezberdinetan banatuta.
-Garraioa: 12:30etako 14:30etako zerbitzuak ikastolako bi langilerekin burutuko dira.
-Jangela: 3 begirale gutxiagorekin eskainiko da zerbitzua.
Informazio gehiago: udarregi.eus
Lurraldebus eta Euskotren
Eusko Jaurlaritzak %30a jo du gutxieneko zerbitzutzat, garraio zerbitzu publikoetan. Martxoaren 8an honenbestez, tren eta autobus zerbitzu murritzagoak izango dira. Usurbili dagokionez, Zumaia-Donostia autobus lineari eta Euskotreni eragingo dio greba deialdiak. Honatx ostegunerako finkatu diren tren eta autobus ordutegiak:
Anbulatorioa
Eusko Jaurlaritzak finkatutako gutxieneko zerbitzuei erantzunez, "greba-egunerako aurreikusita zeuden langileak, lanaldi bati dagozkion zerbitzuak eta larunbatetako ohiko ordutegia" izango du Usurbilgo anbulatorioak Martxoaren 8an.
NOAUA!
NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan ere nabariko da osteguneko greba feminista. Egoitzan egunerokoan lanean diharduten emakumezko langileek sindikatuek eginiko deialdiari jarraiki, planto egingo dute Martxoaren 8an goizeko 11:00etatik aurrera.